Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Xabier Lete, bete-betean

Xabier Lete, bete-betean

Amatiño 2023/01/02 12:30
Nekez aurkituko du irakurleak administrazio publikoaren, editore-elkartearen eta Euskal Herriko bost argitaletxeren zigiluak aldi berean atxikiak daramatzan libururik. Hona Xabier Letek --Alex Gurrutxagaren eta Lourdes Otaegiren eskutik-- lortu aitorpena: "Poema eta abesti guztiak", hiru liburukitan, ia mila orrialdetan.

Edizio-prestatzaileek hitzaurreari ekin bezain laster aditzera ematen dutenez, “Xabier Leteren poema idatzi eta abestiak aurkituko dituzu, bere sei liburu argitaratuetan apailatu zituen poemak eta diskoetan abesti bihurturiko testuak”. Baita “gure garaiko poeta hain enblematikoaren” beste zenbait testu interesgarri ere, hango eta hemengo aldizkarietan, grabazioetan zein Gipuzkoako Aldundiaren Xabier Lete Fondoan bildutakoak tarteko.

Lehen liburukian (1), Xabier Leteren ibilbide literarioa eta biografiaren urrats gailenak biltzen dira. Ondoren Leteren beraren liburuen eta abestien ekarpen poetikoa, haren poesiaren harrera eta ideia nagusiei buruzko sintesia proposatuz eta Leteren poetikan garrantzitsutzat jotzen diren elementuak nabarmenduz.

Egileen ustez, literatura handiak “nazioen historia pribatua” idazteko gaitasuna erakutsi behar baldin badu, ezbairik ez gero “Leteren testuak euskal nazioaren barne historiaren lekuko bizi-biziak direla <...> ez baitzion inoiz ukorik egin bere begiek hautematen zuten euskal errealitatearen gordintasunaz hausnartzeari”

Zalantzarik gabe, kantagintza delarik bide, Lete dugu euskal poetarik argitaratuena eta gizarteratuena, eta Gurrutxaga-Otaegi bikoteak prestatu liburu-sorta berri honek ez du, behar bada, edizio kritikorik osatzen, baina bai inoiz horrelakorik izan dadin lehen urrats sendoak ematen.

Liburu-sorta txukuna, txukunik bada, euskal liburugintzan edozein astegun  buruzuritan argitaratu izaten ez dena, seme-alabek Olentzerotan egin didaten oparirik politenetakoa eta, taxuz eta zentzuz, gure Xabierri ikaragarri gustatuko litzaiokeena… nahiz lar zeinurik edo imintziorik egin ez.

                                                                          ---------

1) Hiru liburukien barrena biltzen dira Xabierrek argitara emandako sei poesia liburuak:

      Aurrenengo alean, 1968tik 1981 arteko lehen hiruak, ”Egunetik egunera orduen gurpilean” (Cinsa, 1968), “Bigarren poema liburua” (Gero, 1974), eta “Urrats desbideratuak” (GAK, 1981), Irun saria.

      Bigarrenean, 1990 eta 2008 arteko hiru azkenak, “Zentzu antzaldatuen poemategia” (Euskaltzaindia-BBK, 1992), Arrese Beitia saria; “Biziaren ikurrak” (Erein, 1992) eta “Egunsentiaren esku izoztuak” (Pamiela, 2008), Euskadi saria.

       Eta hirugarrenean, berriz, han-hemenka bildutako poesia eta kanta ez hain ezagunak, eta sekula argitaratu gabeko hainbat poema-sail.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: