Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Xabier Aranburu hil da

Xabier Aranburu hil da

Amatiño 2014/07/11 16:45
Xabier Aranburu Sagarzazu (Hondarribia, 1931) hil da bart. Besteak beste, 1965etik 1975ra bitarteko hamarkadan Gipuzkoako erdal prentsan aritu zen kazetaririk euskaldunena eta euskaltzaleena. Agur eta ohore aitzindari, adiskide eta maisu handia izan genuen Xabierri.

Ez da inondik ere lar erraza gaur egun azaltzea zein gizarte-funtzio garrantzitsu bete zuen Xabier Aranburuk trantsizio garai hartan. Bera izan genuen, nolabait, kazetaritza frankistaren eta 1976 urtetik aurrera loratu zen euskal kazetaritza berriaren arteko zubia. Berak ordezkatu zuen, inork ordezkatzekotan, bi belaunaldi arras berdinezen arteko zubigintza.

Kontu izan, Xabier berak bildutako (Euskera XXII, 1977) datuen arabera, garai hartan Euskal Herriko egunkarietan lanean ari ziren 178 kazetarietatik zazpik (%3,9) baino ez zekitela euskaraz hitz egiten.

Xabierren eskutik, lehen euskal erakundeen (Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, Durangoko Liburu Azoka, ikastolak etab.) gaineko informazio normaldua estreinako heldu zen erdal egunkarien orrialdeetara eta, halaber, euskal albisteak noiz helduko irrikaz zain zegoen irakurleen begietara.

Auskalo zergatik Euskaltzaindiak urgazle izendatu ote zuen Xabier Aranburu 1975 urtean. Baina seguru gero ez zela izan harek euskaraz egindako kazetari-lan urriarengatik, euskara eta euskal kultura gizarteratzearen mesedetan egindako lan eskergarengatik baino.

Agur eta ohore aitzindari, maisu eta adiskide izan genuen Xabier handiari.

X Aranburu 250

Xabier Aranburu, Durangoko Liburu Azokan (1975)

A. Irigoien. Euskaltzaindia, 1976

Xabier Aranburu, Juanito San Martinen atzekaldean, kazetari-lanak egiten, Donemiliaga Kukulako Yuso monasterioan (1974). Txostena irakurtzen, Alfontso Irigoien euskaltzaina eta, erdian, Luis Villasante, euskaltzainburua

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: