Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Xabier Aizarnaren oroitzapenetan

Xabier Aizarnaren oroitzapenetan

Amatiño 2015/08/27 00:05
Auskalo Sortu inguruko jendeak jaramonik egingo ote dion Javier Elzo soziologoari, baina ezin izango dio esan, behintzat, ulertu ez dionik. Elzo ez da esne-berbetan geratu Uda Ikastaroetan. Gogorarazi die “Gora ETA militarra” eta “ETA mátalos” oihukatu izaten zutenei, ordua dela gaizki esanak eta eginak aitortzeko.

Sortukoek ez ezik, gainerako askok eta askok ere aitortu beharko genuke, garai batean ETArenak onartzeko –lehenik— eta ulertzeko –gero— gauza izan ginela. Onartzeko, diktadura-garaian, eta ulertzeko-edo, osteko lehen urteetan, ETAri denboraren bat eskaini behar zitzaiolakoan armak utzi zitzan.

Gogoan dut, Xabier Aizarna Gipuzkoako Diputatu Nagusi zelarik (1979-1983), artikulu bat idatzi nuela ETAko “gure mutilei” nolabaiteko gonbite abegitsua eginez eta behar besteko bakebideak urratzeko abagune aproposa zela iradokiz.

Ahaztu ere ez dut ahaztu, hurrengo egunetan Aldun Nagusiarekin berarekin topo egin, niregana berariaz hurreratu eta esan zidala: “Irakurri nuen ‘gure mutilei’ luzatutakoa eta, nire iritziz, batetik, honezkero ez dira mutil koskorrak, gizon helduak baino, erantzukizuna zertan den jakitzeko adina dute. Bestetik, armak uzten ez dituzten artean ez dira sekula ‘gureak’ izango. Eta, zoritxarrez, aministia lortu ondorengo jokabidea ikusita, maltzurkerietan ari dira. Bosta axola zaie amnistia, demokrazia, hauteskundeak eta Herri honen nahia. Eurena baino ez dute gogoan. Zu eta zu bezalakoak borondate onez aritu arren, horiei ikaragarri kostatuko zaie armak uztea, beti bai-bainaka ari dira-eta”. Geroztik 35 urte inguru joan dira.

Xabier Aizarna Gipuzkoako Diputatu Nagusi izan zen artean, ETAk 382 lagun erail zituen, eta, 1998an hil zenerako, beste 369. Gutako hainbatek sinetsi (nahi) ez arren, Aizarnak hasiera beretik sumatu zuen ETAren eta ezker abertzalearen bakerik nahi eza.

Horretarik asko daki Javier Alzok. Erailak kontatzeko besteko urteak dituelako eta ikertzaile ona delako; baina, baita, Xabier Aizarna zenaren suhia delako ere.

Xabier Aizarna

Xabier Aizarna Azula, eskuinetik lehena

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: