Xabi Otero, berriketabako profesionala
Berrogei urte dezente urte asko dira edozein lanbidetan. Zer esanik ez argazkigintzan. Behin atera dakizuke argazki on bat. Beste behin aurkituko duzu argazki-liburua enkargatuko dizun enpresa edo erakundea. Eta, behar bada, zorioneko bazara, zure argazkiak gustuko dituen jarraitzaile-andanarik edo bezero solterik ez zaizu lantzean behin falta izango. Baina urte bitik behin album berria argitaratzea eta berrogei urtez argazkaritzaren elitean irautea gutxi batzuen curriculumari baino ez datxekion goi-mailaren lekuko dira. Xabi Oteroren mailarenak, besteak beste.
Maiatzaren 8rarte Donostiako Boulevardean ikuskizun dago, egongo da, Xabi Oteroren Oihan hegalean argazki-erakusketa. Bilduma txukuna behar bada, adierazgarria agian, esanguratsua seguraski, baina ezin bestean zotza, hotza… Batere-batere zalantzarik gabe Xabi Oteroren emaitzari ez dagokion bezain motza.
Berrogei urte joan dira argazki-makina lepoan hartu eta Xabi Oterok estreinako Afrikara alde egin zuenetik; hogei, Kanadako baleen lagun egin zela eta hamar, berriz, euskal esentzia bukolikoak gainditu eta Ezkerraldeko ontziolak, labe goriak eta ekonomia-esparru errealak bertatik bertara deskubritu zituela. Han-hemenkako eskarmentuen zirrikituen artean (cherchez la femme), berriz, ehundaka argazki-erreportaje, berrehundaka argitalpen, milaka argazki eta 70.000 aleren artxibo joria. Nola arraio gero hau guztia lau horma estu-mesturen arteko antologia hutsalean laburbildu?
Erakusketan zehar lagun izan nuen bisitariak gure Xabiren “artistatasuna” goratu zuen maitekiro. Nik, ordea, ezer nabarmentzekotan, profesionaltasuna azpimarratuko nuke. Aurrenak ez du bigarrena nahitaez bereganatu beharrik. Alderantzizkoak bai, ordea.