Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Win to win

Win to win

Amatiño 2021/11/03 00:15
'Win to win' da negoziazio-teknika, zeinetan helburu nagusia den elkarrekin harremanetan diharduten bi parteek irabaztea. Esperientziak frogatu du, edozein erlaziotan alderdi batek irabazi arren, besteak galtzen baldin badu, harreman horrek nekez iraun dezakeela.

Win to win delakoa agiri-agirikoa da, adibiderik eredugarrienetakoa, Kalakan taldearen eta Euskadiko Orkestraren arteko elkarkidetzan.

Kalakan Iparraldeko euskal folklore kanta-taldeak ez du honezkero aurkezpenik behar, ezta, jakina, Hegoaldeko Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ere. Funtsean musika-mota arras berdinezei atxikiak dira biak ere, eta bakoitzak du nork bere publiko aproposa.

Bataren zein bestearen kontzertura eramango bagintuzte ezer esan gabe, teloia ireki aurretik ezagun izango genuke --inguruko ikusentzuleen adinaz, hizkuntzaz eta janzkeraz-- zein ekitaldi-mota hasiko zain geundekeen. Bi taldeok elkarrekin jotzen lortzen dute, ostera, aldez aurretik inork suma ez lezakeen sinbiosia.

Kalakan-ek erdiesten du bestela nekez lor zezakeen herronka, eta Euskadiko Orkestra heltzen da bestela sekula iritsiko ez litzatekeen entzule-esparrura. Horrela, elkarrekin, folklorea bilakatzen da musika klasiko, eta sinfoniak bere egiten du herri-musika.

Win to win. Irabazi eta irabazi. Denok irabazten dugu, kanta-taldeak, sinfonia-orkestrak eta era bateko zein besteko musikazaleok.

Eta, guztion artean, pentagrama artean ezkutatua, denik ere ia inork ez dakielarik, Jagoba Astiazaran konposatzailea, zubiarenak egiten dakiena, herri-musika mailaz altxatzeko eta musika "jantzia" herritartzeko abilezia ezkutua duena.

Oharra: Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donibane Lohitzunen aritu ostean, hurrengo kontzertua azaroaren 5ean. izango da Donostian. Astebete bai, barrena, sarrera guztiak saldu zirela.

Kalakan2
Pierre Sangla, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereau --Kalakankideak-- Juanjo Ocón (musukoduna) orkestra zuzendariarekin, Arriaga antzokian, txalotan.

Amurizatarrak
Miren Amuriza, Ana Aranberri eta Xabier Amuriza, Arriaga antzokiaren atarian

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: