Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Sáenz de Viteritarrak, Isaac, Javier eta Alberto: 100 urte medikuntzan

Sáenz de Viteritarrak, Isaac, Javier eta Alberto: 100 urte medikuntzan

Amatiño 2022/12/21 13:50
Eibarren, Viteri abizena mediku adieraren sinonimo da. Nekez aurki daiteke 40 urtetik gorakorik, belaunaldiren batean edo bestean Viteri izeneko medikurik ezagutu ez duenik. Eta, 75 urtetik gorakoon artean, berriz, bat edo bi ez ezik, baita hiru ere: Isaak, Javier eta Alberto. Aitona, semea eta biloba. Hiru medikuon arteko ehun urteko historia.
Sáenz de Viteritarrak, Isaac, Javier eta Alberto: 100 urte medikuntzan

Azalean, Javier Viteri

Viteri Alberto bir
Alberto Viteri
Eibarko Udaletxean aurkeztu berri da “Viteritarrak. Hiru belaunaldi medikuntzan (1920-2021)” liburua (1), non Antxon Narbaizak bildu dituen Isaac Sáenz de Viteri aitonaren (Eskoriatza, 1887 – Eibar, 1973), Javier semearen (Eibar, 1924-1976) eta Alberto bilobaren (Eibar, 1955) edozenbat biografia-datu, bizitza-pasarte eta bestelako hainbat zertzelada. Oro har, 1920an aitona zena estreinako Etxalartik  Eibarrera heldu zenetik, 2021ean biloba jubilatu arteko 100 urte luzeetan barrena gertatuak.

 

Don Isaac ezagutu nuen nik, 1950eko hamarkadan,  gure aitona-amonen etxean mediku-bisitan. Haren semea, Javier, izan genuen gero, gurean, “famelixa-mediku" gisa,  1976an zendu zen arte. Eta, atzenean, Alberto biloba, nire urologoa (eta askoz ere gehiago), iaz jubilatu arte. Beste medikurik ere izan da tartean, jakina, azken zazpi hamarkadotan,  baina nik gogoan dudanetik, behintzat, beti izan dut Viteritarren bat inguruan.

Liburuak, hiru medikuon ibilbide profesionalaz gainera, azken mendean zehar medikuntzak izan dituen aldaketa eta aurrerapen garrantzitsuen berri ematen du bidenabar (osasun-sistemaren zein uraren beraren kudeaketa, esaterako) eta, baita, hiruon bizitza pertsonalari dagozkion hamaikatxo gertakari, anekdota, aldarte, pasarte eta pasadizo ere. Bada hiruen emazteen atxikimendu eskergarekiko aipamenik ere. 

Hiruak dira, bakoitza bere era eta moldera, eibartar izateko moduaren adierazgarri, baina hiruetatik Javier izan zen segurutik, taxuz eta zentzuz, eibartarrik petoena, eibartar "jatortzat" jo ohi den etorririk handiena erakutsi zuena-edo. Herri-jakintzaren entziklopedia bizia zen Javier, eta 1976an. gazte samar (51 urte) hil zenean  Zeruko Argia   astekariak adierazi zuenez  (2) “hainbat eta hainbat gertakari, ipuin, kontu, ziri eta eztenkadaren sinistu ezinezko artxiboa zan Jabier.”

Edozein modutan, Narbaizak aurkezpenean aditzera eman bezala, hiruok bat etorri ziren dedikazioz, pasioz eta arduraz; hiruok eman  zuten euren denbora guztia erien alde, onuran eta mesedetan, eta hiruok lehenetsi zituzten beti gaixoen premia eta eskakizun fisikoak zein psikologikoak, arreta mediko hurbilaz eta demaseko enpatiaz. 

Bertatik bertarako eibartarron historian ondo merezitako lekua izango duen liburua --biltzaile berberaren aurreko beste hainbat bezalaxe--, Antxonek bere gain hartu ohi dituen pazientziaz, txukuntasunaz eta zorroztasunaz bildua eta moldatua.

             ---ooOoo---

Juan Gisasola, Isaac Viteri, Pako Iñarrairaegi, 1945
Juan Gisasola, Isaac Sáenz de Viteri eta Pako Iñarrairaegi, 1945ean.

(1) “Los Viteri de Eibar. Tres generaciones de médicos” liburu berean, erdibana-edo, bertsio bi daude, euskaraz eta gaztelaniaz. Ez dira  bata bestearen itzulpena, elkarren  egokipena baino, egileari --bildu ahal izan duen informazioaren arabera-- hobeto iruditu izan zaion heinean. Esaterako, Isaac aitonaren zatia luzeagoa da euskaraz, gaztelaniaz baino, eta Alberto bilobarena, berriz, alderantziz.

(2) 46 urte geroago, zilegi bekit aitortzea, sinadurarik gabeko nekrologika anonimo hura nik idatzi nuela.


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: