Villarreal de Berriz, XVIII. mendeko ingeniari, arkitekto, enpresari eta “novatorea”
Ikasketaz ingeniaria, 1694 urtean ezkondu zen Gizaburuagako Bengoleaneko oinordekoarekin (Mariana Rosa de Bengolea Ynarra*). Lekeitioko Uriarte jauregian bizi izaten jarri eta elkarrekin izan zituzten bederatzi seme-alaba zeinetatik lau umetan hil ziren. Horrez gainera, eztegutarako, Pedro Bernardok aurretik izandako seme naturala eraman zuen.
Fisika eta matematika zale amorratua gaztetatik, zientzia, teknologia, historia, politika ekonomikoa, geografia, nabigazioa eta beste landu zituen. Han-hemenka bildutako hamaika liburuz, txostenez, tresnaz, tramankuluz eta lanabesez, 1700 aletako bilduma osatu zuen. Aldi berean, Bengoleako ondarea kudeatu behar izan zuen eta, ondorioz, Leako burdinolak egokitu, errota-industria eraberritu eta ibaietako presagintza zein energia hidraulikoa suspertu. Baita idatzi ere “Maquinas hydraulicas de molinos y herrerias, y gobierno de los arboles y montes de Vizcaya” (Madrid, 1736) delakoa. Idazlanak harrera oso ona izan zuen eta egileak, lau urte geroago hil zenez gero, astia izan zuen arrakastaz jabetzeko.
Ikerketa hau da XVIII. mendeko teknologiaren erreferentziarik handienetakoa. Euskal Adiskideen Elkarteak Villarreal de Berrizen ekarpena laudatu zuen hainbat urte geroago, Manuel Larramendik haren maisu-lana goraipatu eta, dezente gerora, Julio Caro Barojak eredutzat jarri, Andaluziako zein Gaztelako aristokraziak ez bezala, arrasatearrak jakin baitzuen, tradizioari eratxikitzeaz gainera, herrigintza areagotzen, ekonomia, teknologia eta merkataritza landuz.
Honezkero hiru mende inguru dira Pedro Bernardo Villarreal de Berriz Arrasaten jaio eta Lekeition hil zela. Hiru mendez diraute, zelan edo halan, Gizaburuagan jaso zituen ingeniari-eraikuntzek (burdinolak, errotak, presak eta ueskak), gaur egun Leako “bidegorritik” atera gabe ikus daitezkeenak. Baina ez da inondik ere hor amaitzen haren lana.
Ikertzaileen inbentarioetan aipatzen dira edozenbat ueska Markinan, Berriatuan, Aulestin eta Amoroton; hainbat burdinola eta errota Durangaldean zein Urolan. Baita, han-hemenka, arkitektura-lanak (elizateak, iturriak, etxeak, arragoak, labeak, kaiak, harresiak, malekoiak**…) ere. Eta guztia gutxi balitz bezala, merkataritzarako 150 tonako zortzi itsasontzi diseinatzeko eta egiteko gauza ere izan zen!
Ingeniari, ikertzaile, idazle, arkitekto, teknologo, ontzigile, enpresari, berritzaile eta artista errenazentista… “novatore” peto-petoa… damurik ez zaigu horrelakorik geratzen. Ezta hurrik eman ere, gero.
Oharrak:
+ Mariana Rosa Bengolea Ynarra emaztearen amama, Mariana Ynarra Egiguren, eibartarra zen.
++ Lekeitioko badian, oraindik ere Isuntza (Lekeitio) eta Karraspio (Mendexa) hondartzen artean dagoen Lazunarri malekoiaren lehen egitasmoa Pedro Bernardo aita zenak azaldu zuen 1730 urtean, baina azken eraikuntza landu eta amaitu, ordea, Francisco Joaquin semerik nagusienak egin zuen, 1740an.