Venezuelako libururik zaharrena Donostian argitaratua
Liburuak betidanik sortu izan du hainbat eztabaida adituen artean, bai baitzen Venezuelako Valentzian ezik, Espainiakoan ote zegoen argitaratua aldarrikatzen zuenik. Zenbaiten iritziz, XVIII. mendeko inprimatzaile venezuelarrek ezin zezaketen eskaini horren molde landua eta, alderantziz, beste hainbaten ustez espainiar Valentziako tipografia onak nekez eman zezakeen 1765an hain ekoizpen mugatua.
Gauzak honela, hara non XX. mendearen hasieran Pedro Grases bibliografo ospetsuak liburuaren azal gogorraren barrukaldean miatu zuen, eta elkarri erantsitako paper-pusketetan aurkitu zituen euskaraz idatzitako kristau-doktrinaren galde-erantzunen aztarrenak, hainbat euskal herritako (Olaberria, Azpeytia, Zarauz, Hernani, Cestona, Rentería, Guetaria…) udal-testu laburrak eta Donostiako Bartholomé Riesgo y Montero-ren moldiztegian argitara emandako Diccionario trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín (Manuel Larramendi, 1745) hiztegiaren zenbait orrialde.
Pedro Grases, bibliografoa izateaz gainera, katalana ere bazen eta laster konturatu zen XVIII. mendean itsasgarraio-kostuak Europatik Ameriketara zakarretako inprimakiak bidaltzeko baino dezente garestiagoak zirenaz. Alegia, Cisnerosen liburuaren azal gogorra Donostiako paper-hondakin prentsatuez egina bazen, liburuak berak behar zuela Donostian argitaratua izan. Edo, oraingo terminologiaz, Europatik Ameriketara zerbait bidaltzeko jatorrizko “balio erantsia” nahitaezkoa zela. Harrigarriegia ere ez zen, bestalde, Bartholomé Riesgo y Monteroren irarkolak Venezuelarekin harremanik izatea, ez baitzen alferrik "Real Compañía Guipuzcoana de Caracas" elkartearen irarle ofiziala.
Dena den, azken frogak Fausto Arocena (1896-1980) Gipuzkoako Artxibozainak burutu zituen (Brumas de nuestra historia. Donostia, 1952), Pedro Grases jakintsuak adierazitako zantzuen ildotik jarraituz. Batetik, donostiar historialariak bertatik bertara erakutsi ahal izan zuen Cisnerosen liburuaren tipografia Riesgoren moldiztegiko beste edozenbat argitalpenen pare-pareko zela; eta, bestetik, han-hemenka arakatu ostean, beste hiru ale aurkitu ere aurkitu ahal izan zituen Euskal Herritik atera beharrik gabe, Venezuela osoan bat baino ezagutzen ez zen artean.
Kontzientzia kolektiboaren subjektibotasuna
Ulertzekoa denez, venezualerrei ez zitzaien batere gustatu Pedro Grases bibliografoak egindako aurkikuntza, are gutxiago ostean sortu zen ika-mika eta, zer esanik ez, adituek aditzera emandako ondorioa. Hona Fausto Arocenak orain hirurogei urte (1952) idatzitakoa:
"Selecciones vascas". Editorial Itxaropena. Zarautz, 1961