Vatikanoko arropa-garbitegia eta San Andresko teilatua
Gaztetan ezagutu nuen José Luis Martín Descalzo (1) apaiz eta kazetariak umore handiz esan ohi zuen ”Vatikanoak lehenago galduko duela fedea gustu ona baino”. Zer nahi delarik, gustua eztabaidagarri da baina Vatikanoari, behintzat, ezin izango dio inork trebetasunik ukatu, frantsesek esan ohi duten “mise en scène” delako zereginetan.
Izan ere, Leon XIV.a Aita Santuaren hautatze-prozedura dela-eta, usadioari dagozkion zeremonia, errito-sorta eta ikuskizuna munduan barrena hedatzerako orduan, kuria erromatarrak erakutsi duen maisutza --tradizioa, hierarkia, diziplina, janzkera koloretsua, erritmo pausatua eta azeleraziorik eza-- mila urte luzeko kemen eta segurtasunaren jabe denak baino ezin du erakutsi.
Hala ere, zazpi hamarkadatan inoren arropa garbitzea eta lisatzea lanbidetzat izan duen familian (2) hazia, hezia eta ikasia (3) naizenez, zer pentsa eman dit telebista aurrean horrenbeste kardinal, artzapezpiku, gotzain, apaiz, akolito eta beretter hainbat egunez garbi asko jantziak alde batera eta bestera abian ikusi izanak. Ezin gero burutik kendu horren guztiaren atzekaldean zenbat garbigailu ote dagoen, zenbat lisatze-makina, zenbat langile eta lanordu, etengabeko hamaika alba eta enkajez jositako errokete zuri prestatzeko, hori guztia ez baita amen batean burutzen. Zenbat emakume isil, ezkutuan gero… jendaurrean horren txukun azaltzen diren gizonezkoen gibelaldean!
Vatikanoaren apoteosia gertatu da telebista-kameren aurrean, Eibarko San Andres elizak itxita darraien bitartean (4), teilatua noiz jausiko beldurrez eta, gurean behintzat, euskal eliza apaizik gabe geratzen ari den aldi berean. Arrakala nabarmena.
Nik ez dakit ezertxo ere teologiaz (5) . Orixeren Urte guziko meza-bezperak (Azkain, 1951) irakurtzen alfabetatu nintzen euskaraz eta, inongo izatekotan, honezkero ezagutu ditudan zortzi (6) Aita Santuen kulturakoa naiz. Baina egun hauetan, guztioi ere hainbeste iradoki bide digun Espiritu Santuari ondo ulertu badiot, susmoa dut, Vatikanoaren arropa-garbitegian zein han-hemenkako parrokietan lanean (7) diharduten emakume isilak apaiztuko-edo balira, aspaldiko partez bokazioak gehituko liratekeela, ateak parez pare irekiko eta San Andres elizaren teilatua ere, behingoz, konponduko.
---oo0oo---
1) Kristau-humanista, kontserbadore eta monarkiko, 1960-70 hamarkadetan prediku handia izan zuen Bilboko zenbait girotan. La Gaceta del Norte egunkariaren editorialista.
2) Gure aita zenaren ELAren 1937ko kide-txartelak zera dio: “Agrupación de vestidos y tocados”.
3) Zilegi bekit harro asko aitortzea, lehenago ikasi nuela arropa garbitzen, tindatzen eta lisatzen, kazetaritzan baino.
4) Urte bi luze daramatza itxita.
5) Emakumeak ez apaizteko arrazoiak ez omen dira historikoak eta soziologikoak soilik, baita teologikoak ere: "Tales explicaciones deben referirse al problema teológico central: la supuesta relación entre la diversidad sexual y la naturaleza del sacerdocio, una relación que debe hacerse patente en las funciones y acciones esenciales del sacerdocio, que tradicionalmente se sintetizan en "la misión confiada por Cristo a sus apóstoles de enseñar, santificar y gobernar a los fieles". Por más fieles que quieran ser al magisterio, los teólogos tienen el deber de seguirse preguntando: ¿qué hay en estas funciones sacerdotales que exija que sean ejercidas por varones? ¿qué impide que las ejerzan mujeres?" (La ordenación de las mujeres: Tradición y significado. Dennis Michael Ferrara, 1994).
6) Honezkero, nekez ezagutuko dut nik bederatzigarrenik.
7) Eguneroko laguntzan, katekesian zein sasi-diakonotzan.