Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Valentziera, bai; balearra eta nafarra, ez

Valentziera, bai; balearra eta nafarra, ez

Amatiño 2017/09/06 00:05
Kanpotik behintzat, ez da erraz jakitekoa zein alde ote dagoen katalanaren eta valentzieraren artean. Pentsatzekoa da, logika hutsez, alderen bat egon behar dela, hainbatean bi hizkuntza ezberdin gisa agertzen direnez plazan (diru-kutxa automatikoetan, esaterako), baina, haatik, ez direla oso ezberdinak izango, oso antzerakotzat ez ezik hizkuntza bertsutzat jotzen baitituzte adituek.

Ustegabekoa, ordea, Jose Luis Zapatero Gaztela-Leongo semeak agertarazi zuen Espainiako gobernu-presidente zelarik, Europako Konstituzioaren bost testu aurkeztu zituenean Bruselan (2004), espainiar Estatuko “bost” hizkuntza ofizialak haina, alegia, euskaraz, galizieraz, gaztelaniaz, katalanez eta valentzieraz; nahiz, azken bi hizkuntzei zegozkien itzulpenak testu berdin-berdinak izan, hasi eta buka. Hau da, bi hizkuntza, bi deitura, baina testu bakar bat eta berbera.

Institut d'Estudis Catalans delako erakundeari jaramonik egingo badiogu, ez dago gero batere zalantzarik: katalana eta valentziera hizkuntza bat baino ez dira, eta, ezelango eztabadarik bada, ez da linguistikoa, politikoa baino. Hala ere, hizkuntzalariei besterik iruditu arren, zenbait kasutan behintzat, politika hizkuntzaren gainetik egon izaten da, onerako zein txarrerako.

Kontua da Espainiako Konstituzioak zera dioela bi artikulutan: 3.1 “El castellano es la lengua española oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerla y el derecho a usarla”. Eta 3.2 “Las demás lenguas españolas serán también oficiales en las respectivas Comunidades Autónomas de acuerdo con sus Estatutos”. Horretara, autonomia-erkidego bakoitzari dagokio tokian tokiko hizkuntzaren ofizialtasuna arautzea, eta Valentziak erabaki zuen bere herri-hizkuntza valentzieratzat izendatzea: 1. La lengua propia de la Comunitat Valenciana es el valenciano. Eta, alderantziz, ordea, Balear Uharteetako estatutuak katalana jatorritzat onetsi zuenean: 1. La lengua catalana, propia de las Illes Balears, tendrá, junto con la castellana, el carácter de idioma oficial.

Nafarroak ere beste horrenbeste egin zuen Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan, eta ez zuen bertako herri-hizkuntza “nafartzat” jo, “vascuence” gisa baizik: 1. El castellano es la lengua oficial de Navarra. 2. El vascuence tendrá también carácter de lengua oficial en las zonas vascoparlantes de Navarra. Hau da, zalantzarik ez gero, legeak berak dioenez, hainbat nafar euskaraz mintzo direla eta euskara-hiztunak direla.

Segurutik, Nafarroako Lege Organikoa burutu zutenek aukera izan zuten “vascuence” jarri beharrean “lengua navarra” jartzeko, Valentziak ez bezala sekulako erreferentzia historikoa baitzuten “lingua navarrorum” delakoan, baina, behar bada, norbaitek pentsatu zuen gaitza baino erremedioa txarragoa zela.

Horra, zergatik, “valentziera” aukera aparte agertzen den diru-kutxa automatikoetan eta ez, ostera, “balearra” edo “nafarra”.

 

.

Hizkuntza-hautua egiteko, zenbait diru-kutxa automatikotako lehen orrialdea

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: