Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Valentin Zubiaurre, semearen aita

Valentin Zubiaurre, semearen aita

Amatiño 2014/05/29 23:20
Valentin Zubiaurre musikaria omenduz itxi du aurten Musikastek 42. Jardunaldia. Musikaria ote? Benetan? Baina, Garaiko Valentin eta Ramon Zubiaurre anaia gor-mutuak ez al ziren ba pintoreak izan? Anaiak, bai. Euren aita zena ez, ostera!
Valentin Zubiaurre, semearen aita

Valentin Zubiaurre musikaria

Auskalo jendeak zer erantzungo ote lukeen kalez kale inkesta egin eta Valentin Zubiaurre nor ote zen galdetuz gero. Nik neuk badakit orain hogeita hamar urte inguru Bilboko kaleetan zehar aritu izan nintzena, mikrofonoa eskutan hartu eta Sabino Arana nor ote zen galdezka, eta denetariko erantzunak jaso nituena: Idazlea..? Kantaria..? Eusko Legebiltzarraren lehendakaria..? Osasunaren jokalaria..? Atera hortik kontuak!

Hala ere, onartu beharko, jende xehearen artean ez ezik, kultura apurtxoren bat dutenen artean galdetuz gero ere, hutsaren hurrengo izango liratekeela Valentin Zubiaurre izena musikarekin lotuko luketenak. Eta, hala ere, Valentin Zubiaurre Urionabarrenetxea (Garai, 1837 – Madril, 1914), Valentin eta Ramon euskal pintore gor-mutu ezagunen aita, XIX. mendeko euskal musikagilerik onenetakoa izan zen.

Sei urte baino ez zituela hasi zen kantari jaioterriko parrokiaren koroan. Gaztetan Nicolás Ledesma (Bilboko Filarmonikaren lehendakaria) eta Hilarión Eslaba nafarra izan zituen irakasle eta, 41 urte kunplitu bezain laster, jabetu zen Madrilgo Errege Jauregiko Musika Kapillaren Maisu Zuzendari karguaz, Paz Agirrezabal Etxazarretarekin ezkondu zen urte berean (1878).

Lanpostu harek segurtatu zuen, segurutik, Zubiaurre senar-emazteen etorkizuna, baina, hainbat adituren ustez, erabat kaltetu zuen, betirako, Garaiko ereslariaren musika-emaitza. Izan ere, karguaz jabetu aurretik burutu zituen bere erestirik landuenak (hiru opera, sinfoniaren bat eta pianotarako hainbat) eta karguaz jabetu ostean, berriz, erlijio-eresirik (ehun inguru) eta organotarakorik (hamahiru) gehienak.

Hala ere, Valentin Zubiaurre “madrildarrak” ez zuen nonbait sorterria ahaztu. Berea da orkestrarako sekula historian egindako lehen zortzikoa; bereak dira Peru Abarka-ren testuez, Arrese-Beitiaren olerkiez edo Azkuek aurkitutako kanta zaharrez burututako piano-piezak; eta bereak dira, besteak beste, Himno a Vasconia (1896) eta Himno al beato Valentín de Berriochoa (1905) ereserkiak.

Aurtengo Musikasteren amaiera gisa, Euskadiko Orkestrak Zubiaurreren hiru konposizio eskaini zituen, zein baino zein politagoak eta ezezagunagoak: Don Fernando el Emplazado zein Ledia operen sarrerak, eta Bailable izenekoa. Orkestrak berak orain bost urte grabatutakoak, hain zuzen ere.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: