Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Uxuetik zerura, erantzun bila

Uxuetik zerura, erantzun bila

Amatiño 2022/08/02 09:50
Egun gizateriak bizi duen sekulako aldirik disruptiboenetako hau garai egokia omen, hausnarrean egiteko. Auskalo, egokia ez ezik, unerik larrienetakoa ere ez ote den. Hartara, ezinbesteko hausnarraldia, nonbait.
Uxuetik zerura, erantzun bila

Uxue

Ezer ez omen da berez, besterik gabe, gertatzen. Uxuen eraikiarazi zituen Karlos II.ak (1376) Nafarroako lehen unibertsitatearen zimenduak. Uxue da, NASAren esanetan, izarrak behatzeko lekurik aproposenetakoa. Eta uxuetarra da Humberto Bustince (1958), Jakiunde --zientzia, arte eta letren-- akademiaren partaide, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP-UPNA) katedratikoa eta, mundu mailan, konputazioa, ingeniaritza eta matematikak elkarrekin lantzen dituztenen arteko ikerlaririk aipatuenetakoa.Hiru gakoak elkarrekin bildu ziren 2016an.“Uxuetik zerura” uda-ikastaroa estreinako antolatzeko.

Sei urte geroago, aurtengo saio eta hitzaldiak bi emanalditan antolatu dira. Lehena, aurreko asteburuan: “Eboluzioa: homo sapienstik homo avatarisera” izenburupeaz, eta bigarrena (abuztuaren 12, 13 eta 14ean), “Izarrak eta neuronak” delakoaz izango da.

Aurreko asteburuan landu ziren, besteak beste, “Loizuko gizona”, “Bizitzaren jatorria”, “Giza-genomak eboluzioan”, “Giza-hizkuntzaren jatorria eta bilakaera” eta “Zer da metabertsoa?” gisako hitzaldiak. Bigarren asteburuan azalduko dira, berriz, “Garunak eta bere konexioek gizaki egiten gaituzte”, “Marte ikasten”, “Gure gorputzaren ezagutza", “Neurohezkuntza: ikasketa eta neuroaniztasuna”, “Neurozientziak: musika eta emozioak” edota “Ona al da gure garunarentzat bi gauza aldi berean egitea?"

Jakiunde akademiaren izenean Juanjo Alvarezek ekinerako aurkezpenean esan bezala, ziur aski, gizateriak paleolitikotik neolitikorainoko pausua urratu zuenetik,  ez da inoiz orain besteko garai disruptiborik bizi izan, pandemiak, gerrak, klima-aldaketa, aurrerapen teknologikoak eta ezagutzaren bilakaera lasterra tarteko.

Hartara, une egokia, antza, hausnarrean egiteko eta hausnarketon zabalkundea jendaurrean bideratzeko. Auskalo, hala ere, une egokia baino gehiago, laster samar egin beharrekoa ez ote den.

Hitzaldi eremua 3
Uxueko elizaren alboko hitzaldi-eremua
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: