Ustezko sorginak, benetako sua
Epaiak erabaki zuenez gero, lau emakume eta gizonezko bi erreak izan ziren, sorginak zirelakoan. Gaur badakigu ez zirena.
Beste hiru emakume eta gizonezko biren gorpuak ere erreak izan ziren, auzia gertatu aurretik hil ziren arren, bizi izan ziren artean sorginak izan zirelakoan. Gaur badakigu ez zirena izan.
Jakin ere badakigu hainbat urtetarako espetxeratu edo erbesteratu zituzten beste hogei lagunak ere ez zirena sorginak, nahiz eta heriotza-zigorretik ihes egitearren euren burua sorgintzat aitortu.
Are gehiago, 400 urte geroago jakin badakigu auzi hura erabaki zuen hainbat epailek ez zuela inondik ere uste izan auzipetuak errudunak zirenik.
Hau guztia kontatzen, argitzen eta jakinerazten digu Jose Dueso antropologoak Historia y leyenda de las brujas de Zugarramurdi argitalpenean.
Sarri aipatu izaten dugu zabalkunde-liburuen beharra eta Txertoa argitaletxeak harribitxi horietako bat eskaintzen digu oraingoan. Nekez eman daiteke gero hobeto, argiago eta txukunago, ehun horrialde koskorretan, XVII. mendearen hasieran Nafarroako akelarretan edo gertatu zenaren berri.
Zorionak.
Jose Dueso
Oroitzapenetan
Hainbat motatako biktimak oroitu behar honetan gogoratu ditzagun, llabur-llabur, hogeita hamaika haien izen-abizenak, sarean egotea ere pndotxo merezi dutelakoan: Estevania de Navarcorena, María Pérez de Barrenechea, Juana de Tellechea, María de Yurreteguia, Graciana de Barrenechea, María de Yriarte, Estevanía de Yriarte, Miguel de Goiburu, Joanes de Goiburu, Joanes de Sansin, María Presona, María de Arburu, María Baztan de la Borda, Graciana Xarra, María de Echachute, María Chipia de Barrenechea, María de Echegui, María de Echalecu, Estevanía de Patrisancena, Martín Vizcar, Juanes de Echegui, Domingo de Subildegui, Pedro de Arburu, Petri de Joangorena, Juan de la Borda y Arburu, Juanes de Odia y Berechea, María de Zozaya y Arramendi, Juanes de Lambert, Mari Juanto “Aguirre”, Beltrana de la Fargua eta Juanes de Yribarren “Echalar”.
Adin-kontuak
Maiz esan ohi da Erdi Aroan jendea orain baino nabarmen gazteago hiltzen zela eta zaharrenak ere inoiz gutxitan heltzen zirela 50-60 urte bizi izatera.
Logroñon auzipetutako hogeita hamaika biktimen adinari erreparatuz gero, ostera, lauk 80 urte baino gehiago zituzten; bederatzik 60-80 bitartean; eta beste bederatzik 40-60 artean.
Arrazoia zera da, alegia ez dela egia jendea hain gazterik hiltzen zenik. Egia da hildakoak ikaragarri asko izaten zirela haurtzaroan baina, behin hogei urte hartuz gero, helduen artean dezente jende asko atsotzen edo aguretzen zen.