Ustea ez da jakitea, baina jakitea ez da nahikoa
Itxuraz besterik iruditu arren ere, gaur iluntzean Donostian amaituko diren P4K (Passion for Knowledge) jardunaldien ardatza ez da zientzia izan zientziaren zabalkundea baizik, eta, stricto sensu, zientziaren komunikazioa eta informazioa. Zientziak bere buruaren berri informatu nahi du, jendeak errazago maite izango baitu ezagutzen duena. Eta zientzialariak gero eta gehiago konturatzen ari dira, jakite hutsa ez dela luzera aski, jakinduria horren gutxienekoak komunikatzen asmatzen ez bada.
Adibide historikorik ez da falta. Ostegun arratsaldean William Friedman botanikoak (Harvard University) harritu gintuen azaldu zuenean, Darwin naturalista ez zela izan espezien bilakaeraz jabetu zen aurreneko zientzialaria, espezien jatorriaz lehen liburua (On the origin of species. London 1859) argitara eman zuena baino. Segurutik, ustea ez da jakitea, baina jakiteak ere ezer gutxi balio dezake nork bere kolkoan gordetzen baldin badu.
Eta, kontatzen hasiz gero, beti ere ahalik eta ondoen komeni. Hain zuzen, jendaurreko jardunaldi irekiez gainera, P4K zuzendaritzak antolatu ditu ekitaldi itxiak non hainbat Nobel saridun eta punta-puntako ikertzaile bildu diren doktoretza egiten diharduten hogeitaka euskal ikaslerekin, ez zientziaz gehiago ikasteko, zientzia-zabalkundearen errezetak lantzeko baizik.
Izan ere, batzuekin eta besteekin bastidore artean hitzegin ondoren, nik susmoa dut P4K programaren antolatzaileen artean bi motatako arduradunak daudela, oro har. Batetik, jardunaldien ospea indartu nahirik hizlariak curriculumaren arabera erakarri nahi dituztenak; eta, bestetik, nahiago dituztenak, lehen-lehen mailako curriculumik ez izan arren, euren komunikazio-ahalmen edo gaitasunaren arabera gonbidatzea.