Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Uste ustela

Uste ustela

Amatiño 2013/10/18 00:10
Hamaika dira segurutik Fagor kooperatibaren hondamendia erakarri duten arrazoiak, baina, hitz bitan laburtzekotan, “lar konfiantza” edo salatu behar. Alegia, sekula horrelakorik gertatuko ez zenaren uste osoa. Uste ustela.

Kostu handiak, balio erantsi urria, lehiakortasunik eza, espainiar eraikuntza-sektorearen gainbeherakada, nazioarteko merkatuaren erronkei erantzun falta, han-hemenka egindako lantegi-erosketa txarrak, kooperatiba-sistemaren beraren mugak, denboraz hartu beharreko erabakiak geroko gerotan utzi izana… arrazoirik ez da segurutik falta Fagorren hondamendia ulertarazteko. Baina, esanak esan, hitz bitan laburbiltzekotan, nik “lar konfiantza” azpimarratuko nuke. Hots, honelakorik inoiz gertatu ezingo zenaz larregizko konfiantza. Ikusi besterik ez dago zein handi zaien Laboral Kutxari zein Lagun Arori Fagorren ustebako zuloa.

Nago, baina, uste ustel honen ajea ez dariola kooperatiba-munduari soilik, euskal gizartearen beste hainbat jokamolderi ere baizik. Bizkaiko Labe Garaiak itxi ziren, sekula itxiko ez zirela uste arren. Ontziolak eta altzairu-sektorea pikutara joan ziren, nahiz betirako izango zirela pentsatu. ALFA, GAC, BH, AYA edo SOLAC enpresa 'izarrak' aldendu ziren gure kaleetatik eta Eibar herria bera ere maldan behera erori da, duela 50 urte eskas “dolar-hiria” izan bazen ere. Funtsean lar konfiantza, uste ustela, gure ahalak, zer gerta ere, betirako izango zirelakoan.

Fagorren hondamena ikaragarria da gero, baina aldi berean “irakasgarria” ere izango al da? Hau da, ez dagoela beti historiaz bizi izaterik; ezin direla gastuak diru-sarrerak baino handiagoak izan; gustatu ala ez, arras gordina bada ere, gure produktibitatea bezainbat balio dugula; gure ongizatea bezeroek ordaintzen digutela, ez enpresek, eta are gutxiago aldundiak edo jaurlaritzak; geure burua engainatzen zati batean aritu gaitezkeela baina ez luzaroan iraun; gure erruak inori leporatzea umekeria ez ezik, alferrikakoa dela. Eta munduan badirela, behar bada gu baino dezente ergelagoak izan arren, guk baino hobeto eta guk baino merkeago ekoizten dutenak.

Oraingoan Fagor izan da, baina guztiok ezagutzen ditugun lauzpabost euskal enpresa handi-mandi ere bide beretik joan daitezke, noiz edo noiz, sekula ez direla jausiko guk guztiok segurutzat jo arren... edo segurutzat jo nahi izan arren.

Fagorren hondamendiak gizarte-katarsitzat balioko al du? Balioko badu... gaitzerdi.

Jaime
Jaime dio:
2013/10/18 16:11
Oso ona, zorrotza baino zorrotzago. Itua jo duzu, nire uste apalaz. 1980tik irakurtzen ohi ditut zure zutabeak eta hau, zinez, onenetarikoa dela esan dezaket lasai oso. Zuk diozunez”Fagorren hondamendiak gizarte-katarsitzat balioko al du? Balioko badu... gaitzerdi”.
Hala bedi!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: