Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Usotan

Usotan

Amatiño 2009/10/12 13:55
Nik ez dut inoiz eskopetarik izan, are gutxiago usorik hil, baina oso oker ez banago 1960eko hamarkadan normal samarra zen, Eibarren, eskopetaren bat etxean edukitzea. Txikito batzuk jotzea, rantxerak kantatzea eta ehiztari izatea oso “eibartarra” omen zen. Beraz, zentzu horretan behintzat, ni ez naiz sekula eibartar peto-petoa izan. Eta, hori horrela balitz, gaur egungo gazteak ere ez lirateke oso eibartarrak izango.

Hala ere, aurreko larunbatean, uso-pasa noiz hasiko zain irrikaz zegoen lagun-taldearekin afaldu nuen. Ez dakit lege-zaharrekoak ote diren nere lagunak baina hirurogei urtetik gorako ehizazale amorratuak direnik ezin behintzat ukatu. Garai batean Nafarroa, Errioxa eta Soriara (Cameros) joan ohi ziren. Orain, berriz, Itziar eta Gatzaga gainera. Lehen asteburuetan zein Pilarica eta Domu Santu inguruko zubietan, eta orain edozein egunetan, jubilazioak ere bere abantailatxoak ditu-eta.

Zaharrok sarri dugu iragana hobetzat eta adineko uso-ehiztarien ustetan ere sasoi bateko paseak dezente ugariagoak ziren. Haiek bai paseak, haiek bai etenbako uso-lainoak. Oraingoak, berriz, hutsaren hurrengoak omen dira, ezta hurrik eman ere gero.

Ez dakit nik orain berrogei urteko paseak zenbatekoak ote ziren, lagunak tiroka nituen artean ni perretxikotan, aranetan eta masustatan jarduten nintzen-eta; baina ez nuen sekula uso-lainorik ikusteko aukerarik izan, behar bada zerura begira jardun beharrean garo eta txarartean aritu behar izaten nuelako edo.

Dena den, azken hamar urteotan behintzat ez da usorik nabarmen gutxitu. Urruña, Sara, Banka eta Arnegiko behatokien datuen arabera, 1999tik 2008ra bitartean, batez beste 1.850.000 uso inguru pasatu dira udazkenero Iparraldetik Nafarroaldera. Denboraldirik petralena 2000 (1.300.000) urtea izan omen zen eta naroenak, berriz, 1999 (2.500.000), 2005 (2.250.000) eta 2008 (2.000.00) urteak.  Iazko bi milioi haietatik ehiztariek  65.000 uso bota omen zituzten.

Gaurtik aurrera, auskalo gero zer pasatuko ote den aurten, baina goizalde honetako euri-lanbroaz behintzat nekez entzungo da tiro-hotsik. Bihar eta etzi egun eguzkitsuak omen. Eta usoak jakitzeke… oraindik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: