Urrezko hiria
Nago, eta ez da diodan aurrenengo aldia, ñoñostiarra dela euskal hiritarrik kexatien eta bekaizkorrenetakoa. Beti asegaitz, beti eskale, berak lortzen dituen guztiak merezimendu osoz dagozkiolakoan eta inorenak ere berari zor zaizkiolakoan.
Inoiz aipatu izan ditut Odon Elortzak, alkate zelarik, bere bulegoan serio asko esan zizkidanak. Batetik minduta, kexu, txarto esaka, auskalo ze azpiegitura Bilbora “joan” zelako eta bestetik, harro, biztanleko inbertsiorik gehien egiten ziharduen euskal hiria bere Donostia zelako. Eta hau ez diot Odon adiskidea gutxiesteko edo haserrarazteko, zein donostiar petoa den frogatzeko baino.
Donostiak (186 mila biztanle) ez du sekula bere burua Iruñea (195) edo Gasteiz (243) hiriekin alderatu izaten (ezta daudenik ere), behin eta berriz Bilborekin (345) baino, Artxandapeak ia Igeldope osoa bikoiztu arren; eta gainditu ezinezko obsesio horretan ernaltzen zaizkio hamaika malur antzu.
Donostia da familia aberatseko seme bakarra bezalakoa, mimatuegia, babestuegia, gaizki hazitakoa. Ondorioz, uzkur samarra, fidakaitza, inork baino gehiago eduki arren inork daukanaren eskaketan bizi dena.
Beti negarra jotzen ari den gure urregorrizko Donostiak jakingo al du, noizbait, ez digula batere penarik ematen, inbidia baizik?
Musikene, Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegia. Aurrez aurre, zuhaitz-artean, sarrera nagusia, Donostiako Europa plazan.
Osteko ikuspegia, bart iluntzean