Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Urrezko arrautzen errulea akabatzeko arriskua

Urrezko arrautzen errulea akabatzeko arriskua

Amatiño 2015/12/05 17:50
Jendeak gero eta gutxiago irakurtzen omen du. Ez dakit egia osoa ote den. Liburua nahiz egunkaria izan, paperean gero eta gutxiago irakurtzen dela, seguru. Baina interneta, emaila, gizarte-sareak eta telefono-mezuak tarteko, auskalo ez ote den inoiz baino gehiago irakurtzen. Labur baina sarri.

Zer gerta ere, gero eta gutxiago irakurri baino, gero eta gutxiago erosten dela esango nuke nik. Alegia, jendeak utzi egin diola liburuak ordaintzeari. Eta beldur naiz paperezko liburuaren etsai bakarra ez dela euskarri digitala, maileguz emandakoa ere baizik.

Orain hurrengo gertatua. Duela pare bat astebete baino ez. Hor non joan den gazte lerdena udal-liburutegira idazle eta titulu zehatzak eskaka. Funtzionarioak ordenagailuko zerrendan begiratu eta berehalakoan erantzun: “Ez dugu. Baina itxaron. Oraintxe esango dizut noiz izango dugun”. Ondoren, telefonoa belarriratu, buruz dakien zenbakia markatu, eta hitz bitan harako liburua ziztuan eskatu. Hiritarrak, berriz:

-- Barkatu… nori deitu diozu?

-- Liburu-banatzaileari. Bihar goizean hemen izango duzu.

Badakit, inork irakurri dezan, liburuak mailegutan lagatzea udal-liburutegiaren zeregina dena. Eskarmentuz dakit, inoiz, jakineko liburu bat eskuratzeko txandan zain egon behar izaten dena. Sumatzen dut liburuak eskaini ahal izateko, aldez aurretik bildu egin behar direla; baina, aitortu dezadan, liburutegian ez dagoen alea horren erraz lortu ahal izanak ezustean harrapatzen nau.

Sistema horrela baldin bada –eta ez diot irakurlearen aldetik txarra denik--, nork erosiko du libururik? Zergatik liburu-dendan eskatu eta ordaindu, udal-liburutegiaren bitartez banatzaileak egun batetik bestera, doan, eskaini dezakeena?

Behar bada ni inozo samarra naiz, edo lege zaharrekoa, edo liburuak erosteko beste diru (lehentasun?) daukat; baina, nahiz udal-liburutegiak liburu asko eskaini dezakeela onartu, denak izan behar al ditu? Eskatu ahala?

Auskalo sistema honek irakurle-kopurua gehituko ote duen baina, ez al digu gogorarazten Esoporen elezahar hura, hots, urrezko arrautzak errutzen zituen oiloa akabatzearen arriskua?

jaime
jaime dio:
2015/12/05 18:58
Orain dela urte batzuk, Bernardo Atxagak euskal irakurleei buruz esan omen zuen: gehienez jota, milaren bat izango da, Euskal Herrian, irakurlego fidela, besterik ez. Euskaldunari ez zaio inoiz gustatu irakurtzea, egunkarietako eskelak eta kirol-orriak ez badira. Beste aldetik, aipatzekoa da ze ortografi mota asmatu duen gaurko gazteriak bere telefono-mezuetan erabiltzeko. Negargarria benetan.
Bejondeizuela eibartarrok horrelako udal-liburutegi azkarra edukitzeagatik, gurean (Zornotzan hain zuzen ere) ez da horrelakorik gertatzen. Pena amorru eta lotsa emango lizkidake esateak zenbat liburu bota dudan – erosi berriei leku emateko – hemengo udal-liburutegiak ez onartzeagatik.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: