Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Urretxindorrak, mende erdi geroago

Urretxindorrak, mende erdi geroago

Amatiño 2023/11/27 10:00
Bergarako Musika Bandak “Urretxindorrak” laukoteak (1963-1973) orain mende erdi baino gehiago kantarazi zizkigun hainbat abesti eskaini zituen igande eguerdian, Enrike Txurruka zuzendariak egindako moldaketekin. Bertan izan ziren, “heldu xamarrago”, orduko lau sortzaileetako hiru: Julio Unamuno, Juan Mari Narvaez eta Gotzon Bikuña.
Urretxindorrak, mende erdi geroago

Urretxindorrak, 1968

Raul Calvo (1948-2005), Julio Unamuno (1949), Juan Mari Narvaez (1948) eta Gotzon Bikuña (1948) txiki-txikitako lagunak Bergarako Labegaraieta auzoan jaioak ziren, eta eskolan ekin zioten elkarrekin kantatu eta gitarra jotzeari.

Urretxindorrak taldea  sortu eta, 1966an,  herriko bertako Novedades aretoan egin zuten jendaurreko lehen agerraldia, sortzear zen herriko ikastolaren aldeko jaialdian. 1968an, berriz, Eibarko Euskerazko Kantaren lehen lehiaketan esku hartu zuten eta  hirugarren geratu, Oskarbi eta Ameslariak taldeen ondotik.

Lehen diskoa urte berean plazaratu zuten Xabier Gereño zenaren ardurapeko CINSA etxearen proposamenez. Guztira bost disko grabatu zituzten ondorengo lau urtetan eta herriz herri, han-hemenka, kantu-kantari jardun.

Euren kasa burututako abestirik ere kantatu zuten arren, oinarrizko errepertorioak Mila Euskal Olerki Eder (1954) bilduma izan omen zuen iturri. Hala ere, abestirik ezagunen eta zabalduena, “Aitorren hizkuntza zaharra”, zenbaitek kanta zahartzat jo arren, Ziriako Andonegi (1912-1982) mutrikuarrak sortua zen 1956an, "oles-bertso" (1) gisa. Segurutik, gure belaunaldiak 1968 eta 1969 urteetan sarrien eta gogotsuen kantatu zuen abestietakoa.

Nahiz Urretxindorrak taldeak 1973an. laga jendaurrean kantatzeari eta diskoak grabatzeari, 1991an. eta 2007an. Bergaran eratutako “Kilometroak” ekitaldietan aritzeko apropos bildu zen berriro eta, 2003an, “Bergarako Urretxindorrak” sorta osatu zuen, aurreko bost diskoetan jasotako 18 kantok eta zentsurak debekatutako zenbait elkarrekin plazaratuz.

Igande eguerdiko betekada lekuko, Bergarako herriak ez du, nonbait, Urretxindorrak taldea oraindik ahaztu. Zorionak. 

(1) “Oles-bertsoen artean badu bat aspalditik zabal dabillena Euskalerri osoan” (Santiago Onaindia. Euskal Literatura. Etor, 1971-1977).

.

Unamuno, Narvaez eta Bikuña
Julio Unamuno, Juan Mari Narvaez eta Gotzon Bikuña, 2023

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: