Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Urkulluren karismarik eza

Urkulluren karismarik eza

Amatiño 2012/10/28 19:05
“Iñigo Urkullu… no es el más carismático de los últimos lehendakaris que ha tenido el PNV, como por ejemplo Ibarretxe" (Deia/Noticias, 2012-10-28). Honelako iritzia ezjakinen batek azaldu izan balu… edo hogei urteko gazteren batek... baina Txema Ramírez de la Piscinak adierazi omen du, EHUren Kazetaritza irakasleak.
Urkulluren karismarik eza

Iñigo Urkullu

Xabier Elorriaga maisuak esan zidan, ETBren sorreran (1982), telebista-ikusleak azken programa baino ez duela gogoan hartzen iritzia ematerakoan, azken saioa besterik ez duela gogoan izaten alegia. Honelako zerbait gertatu zaio, antza, Txema Ramirez de la Piscina irakasleari. Segurutik, Urkulluk ez du Ardantzak eta Ibarretxek lehendakaritza uzterakoan zuten besteko karismarik, baina uste dut Ajuria Enera heldu aurretik zutena baino askoz ere gehiago duela, nabarmen gehiago.

Ahaztu egin zaigu, nonbait, EAJk presaka eta arrapataka erabaki behar izan zuela –tarteko hauteskunderik gabe— nor jarri Garaikoetxearen ordezko, beronek EA sortarazi zuenean (1985). Ez dago batere zalantzan Ardantzaren buruzagitza 1986-1999 bitarteko jaurlaritzan, baina honek ez du hasierako apaltasunik ukatzen. EAJk ez zuen Ardantza bere karismarengatik hautagai proposatu; karismarena, etortzekotan, gero etorri zen.

Beste horrenbeste esan ahal dugu Juan Jose Ibarretxez. Laudiotarra Ardantzaren lehendakari-orde isil, behargin eta kontularia zen. Fina, inor baino finagoa, baina gizarte-karismarik zuenik ezin esan, hasieran behintzat. Alderdi barruan lehendakaritarako proposamena (agindua) egin ziotenean ere, aitzakia bila jardun zuen, euskaraz ez zekiela-eta. Burukideren batek erantzun behar izan zion: “pues tendrás que aprender”. Karisma ote?

Ardantzak eta Ibarretxek ez bezala, lehendakari izatera heldu zenean nolabaiteko karismaduna izan zen Carlos Garaikoetxea, Ajuria Enera iritsi aurretik EBBren presidentea, Urkullu bezala. Une historiko hartan parean egokitzeaz gainera, Garaikoetxea alderdirik nagusienaren burua zen, egitasmo zehatza zuen alderdiarena eta, besteak beste, euskal gizartea erakundetzea helburutzat zuenarena.

Hogeita hamar urte geroago, EAJk ildo bereko beste egitasmo bat du, behar beste asti izan du bere hautagaia erabakitzeko eta, hain zuzen, bere lehen burukidea aurkeztu du lehendakarigaitzat. Auskalo Iñigo Urkulluk, gaur gaurkoz, behar beste karismarik ote duen, baina, esaterako, gaur bertan “Cuando no existe un Plan B” bezalako artikulua argitara eman du, Ardantzak eta Ibarretxek hauteskundeak irabazi osteko lehen astean sekula egin ez zutena.

Gero gerokoak. Historiak esango du zenbateraino emango duen Urkullurenak. Hasteko, normalean EAJri botorik emango ez lioketen hainbat giputzek haren alde egin dute, Urkulluk berak –ez bestek— eskaintzen dizkien zuhurtasuna, seriotasuna eta konfiantza tarteko.

Zer beste eskaini behar du liderrak karisma erakusteko?

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2012/10/30 20:03
Amatiño, uste dut Ramirez de la Piscinak buruan duena jendaurreko jarrera eta mintzamoldea dela, ez testugintza. Lehendakarigaien arteko ETB 2ko eztabaidan Urkulluk atrilean zeuzkan paper batzuk ezkutatzeko erabili zituen eskuak. Besteei begira solastatu beharrean paperei begiratzen zien, zeharka eta behera, ikaslea bailitzan txuletatik disimuluan kopiatuz. Langile porrokatua izango da beharbada, baina baita ziurgabea eta lotsatia ere; eta ezaugarri horiek ez dute karisma pizten laguntzen. Hain Urkulluzalea den Twitter-eko osaba Sabin bera ere erdi haserratu zen: "de Sabin Etxea se sale al debate con los papeles bien memorizados, coño". Hori da adibidez karisma falta. Biharamunean ETB 1en sueltoago ibili zen. Eta hauteskunde gauean benetako buruzagi bat zirudien. Buruzagi karismadunak lotsa eta ziurgabetasuna gainditzen dutenak izaten baitira, ez berez lotsabako eta segurillo direnak.

Ematen du oratoria irakasle eta logopedek lan ederra egin dutela Urkullurekin: lehen edonon sartzen zuen sudur kutsuko "a" hura ia ez da ageri, ezta sarriegi zerabilen "egin" hura ere.

Dena den, karisma hautemateko orduan ez al da adina erabakigarri? Gure aitarentzat Churchill, Adenauer eta De Gaulleren mailakorik ez zen izan gerora. Niretzat Arzalluz, Garaikoetxea, Txomin Iturbe... gero etorri direnak apalagoak iruditzen zaizkit. Eta seguru orain 12 urte dituzten albistejale pasiboentzat Urkullu eta Basagoiti San Pedro bedeinkatua bezain karismadunak direna.
Amatiño
Amatiño dio:
2012/10/31 13:08
Ramirez de la Piscinak zer duen buruan ez dakit. Bai, ordea, zer esan duen. Eta esan duenak ez du zer ikusirik Urkulluren karisma "absolutoarekin" (asko edo gutxi), "erlatiboarekin" baizik (aurreko lehendakariekin alderatuz). Eta nik esaten dudan bakarra zera da: alderatzen hasiez gero, une berdintsuak alderatu behar direla.

Ez dut uste alderagarriak direnik, hiruzpalau legealditan lehendakari izan ondoren (lehen koalizio-gobernuak, Ardantza plana, Ajuria Eneko mahaia etab.) gogoan dugun Ardantza, eta oraindik hauteskundeak irabazi besterik egin ez duen Urkullu.

Ez dut uste alderagarriak direnik, 2005 urtean Diputatuen Kongresoan Ibarretxe Plana defenditu zuen lehendakaria eta oraindik Ajuria Enera heldu ere egin ez den Urkullu.

Baina uste dut, batere zalantzarik gabe, 2012ko Urkulluk edozenbat buelta ematen diela 1985eko Ardantzari eta 1998ko Ibarretxeri. Eta ez didate kontatu, ez dut egunkarietan irakurri edo telebistan ikusi beharrik izan.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2012/10/31 14:50
Konforme. Nik ez dut ezagutzen, baina bada arazo bat Urkullurengan konfiantza larregi jartzea eragozten didana: Paul Abasoloren afera. Sexu jazarpenagatik salatua zegoen, eta Zapaterok azken gorbenu bileran indultatu egin zuen. Zergatik Abasolo, eta ez erru arinagoko besteren bat? Kanpotik begiratuta, eta kontuan hartuta Urkullu eta Zapatero sasoi hartan lagunak zirela, hauxe da jokaldirik egiantzekoena: buruzagi jeltzaleak bere kontaktuak erabili zituen Durango inguruko familia jeltzale aberatsaren semea babesteko; Urkulluk eskatu zion Zapaterori Abasolo indultatzeko. Nik ez diot hala izan zenik, baina hipotesirik ulergarriena dirudi behatzaile objektibo batentzat, martiztar batentzat. Arazo hau jendaurrean azaldu da eta Urkulluk ez du gezurtatu. Eta garrantzitsuagoa da gobernu baten osatzea baino.
Amatiño
Amatiño dio:
2012/10/31 19:03
Sekulako jauzia gero. Lan du sinesteak aurreko (2012/10/30) zein osteko (2012/10/31) iruzkinak gai berberari dagozkiokeenik.

Zuk ez diozu, baina badiozu. Filosofiaz Doktorea izan behar, nonbait, inork gezurtatu gabekoa inori leporatzeko.

Iritzia iritzi, niri ere hainbaten maisutza sinesgarriagoa zitzaidan atzo, gaur baino.

Lastima.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2012/10/31 21:11
Gai berberari, bai, Urkullu baita gaia, eta haren karisma behar bezala atzematea eragozten didan blokeo psikologikoa. Maisutzarena sarkasmo bat izango da, noski. Lastima, uste nuen Urkullu ezagutzeak ematen dizun aukera balia zenezakeela arazo itsusi horri lotutako zurrumurruak desegiteko; arazoa behingoz eta behin betiko argitzeko. Helburua Urkullu miretsi ahal izatea da, Ibarretxe maiz miretsi izan nuen legez.
Amatiño
Amatiño dio:
2012/11/01 01:31
Bai, arrazoi duzu, blokeo psikologikoarena nabarmen samarra, antza denez.

Hala ere, ez dut uste, nire aldetik behintzat, helburua Urkullu mirestea denik. Honetan guztian nik ez dut Urkullu goresterik nahi izan, Ardantza eta Ibarretxe hasiberriak gogorarazi baizik. Eztabaida honetan, nire asmoa ez zen Urkulluz ezer berririk esatea (egungo jendeak egungo Urkulluz nahi duena esan dezala), Ardantzaren eta Ibarretxeren hasiera apalak -eta ahaztuak, nonbait-- garai haiek ezagutu ez zituztenei adieraztea baino.

Alegia, nire ekarpena, izatekotan, ez da nirekin batere harremanik ez duen 2012 Urkulluren berri ematea, dezente hurbiletik ezagutu nituen 1985eko Ardantza eta 1998ko Ibarretxe aipatzea baino.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: