Urdaneta, eguzkiaren kontrako itsasbidegilea
Ez da hori, segurutik, iritzirik zabalduena euskal gizartean, eta, esanari baino eginari lotuko bagatzaizkio, ezta euskal erakundeen artean ere. Andres Urdanetak (1508-1568) ez du gurean museo aproposik, ez kultura-etxe berezirik, ez beren-beregiko egitura finkorik. Ordizian bertan haren omenetan eraikitako monumentua ere, gehiago datxekio fraile agustindarra izan zen aldetik misiotan egindako lanari, Filipinetatik Acapulcora, Ozeano Barean zehar, irekiarazi zuen berebiziko “itzulbidaiari” baino.
Ordurako jakinekoa zen Ameriketatik Asiarantzako itsasbidea (nahiz Amerika lurrez gainditu behar), baina ez, ordea, bueltako atzera-bidea. Hain zuzen, bada dioenik, Elkano (Magallanesen espedizioarekin batera), mendebaldetik Moluketara (Espezien Uharteak) Patagonian zehar iritsi ostean, ez zela berriro Europara itzuli joaneko bide beretik, nondik bueltatu ez zekielako. Hau da, nahiago izan zuela Indiako Ozeanoan zehar etxeratu, Hego Afrikan barrena, nahiz inguru guztia portugaldar etsaiz josita egon, Ozeano Bare ezezaguna, Asiatik Ameriketarantza, nora ezean, ezinaren ezinez, gurutzatu baino. Beste modu batez esan, "nahiezta" eman zion munduari bira osoa, ez horrelakorik egiten lehena izan nahi zuelako.
Jakina denez, Tordesillasko Itunaren arabera, Atlantikotik mendebaldera (Brasil izan ezik) Amerika osoa espainiarra zen eta, ekialdera berriz, Afrikako zein Indiako itsasalde guztia, Moluketaraino, portugaldarra. Espainiarentzat hil-ala-bizikoa zen Moluketarainoko bidea, Ameriketan zehar, medebaldetik aurkitzea.
Horra, Magallanes-Elkano bikotearen espedizioaren helburua: Espezien Uharteetara mendebaldetik heldu, portugaldarren zainpeko itsasoetan barrena sartu beharrik gabe. Ordurako Europatik Ameriketarako itsasbidea ezaguna zen. Ameriketatik Asiara joatea Elkanok erakutsi zuen. Asiatik Ameriketarako atzera-bidea, berriz, ezinezkoa. Eta hori zen, hain zuzen ere, Urdanetak bere baitan zerabilen logika, ordiziarraren ustez “joaneko bidea alfer bidea da-eta, zeharo antzua, aldi berean itzulbiderik ez bada”.
Hamar urte luzez ikerketan eta azterlanean jardun ostean, Urdanetak “itzulbidaia” proposatu zuen eta aurrenengoan burutu (1565). Behin ekin eta bertan helmugara iritsi. Horrela ireki zuen 250 urte luzetan –lurrun-motorra asmatu arte— Manilatik Acapulcora indarrean egon zen itsasbidea. Urdaneta arte, Ozeano Barea eguzkiaren norabide berean baino ezin zen gurutzatu. Urdaneta ostean, aldiz, baita eguzkiaren kontra ere.
Urdaneta britainiarra izan balitz, nabarmen ezagunagoa izango litzateke gaur egun munduan. Baina ez anglosaxoi kulturan soil-soilik, baita euskaldunen artean ere. 2008an. ospatu genuen Urdaneta jaio zeneko 500. urteurrena. Ospakizun hartatik geratu zaizkigu hemeroteka apur bat eta dozenaren bat komiki (euskaraz, gaztelaniazkoak ahitu dira). Horretara, lasai: 2508 arte... jai.
Beheko itsasbidea, gorriz, Mexikotik Filipinetara, ohikoa. Goikoa, Urdanetak aurkitu zuen "atzera-bide" edo "itzulbidaia"
Joaneko bidea eta atzera-bidea, URDANETA komikiaren arabera, azalpen eta guzti