"Urdanen azuda", mila urte geroago
Ura beti izan da arazo. Aragoi aldean bai, behintzat. Bi mila urte dira (87 K. a.) euskaldunen, iberiarren eta zeltiberiarren arteko ur-auzia erabaki zela Alaunen (Alagón). Mila eta berrehun urte geroago (1118 K. o.), Alfontso I.a, Aragoiko eta Iruñeko errege “Burrukalaria”, Zaragozaz jabetu zen musulmanak garaitu ondoren, eta ez armaz, hiriraino ura zeraman kanala bederatzi hilabetez moztu ostean baizik. Zer gerta ere, ia beste mila urte geroago, Gallego ibaiaren eremuan indarrean jarraitzen dute arabiarrek XI. mendean eraikitako presek, ubideek eta erretenek.
Gallego (1) ibaia Pirinioetako Aneu mendatean (2.200 m.) jaio eta 2.000 metroz jaisten da, 200 kilometrotan barrena, Zaragozan (200 m.) Ebro ibaiarekin elkartu arte. Bada Gallego zuria (Sallent eta Formigal), eskialariek ezagutzen dutena; badira Gallego estu-mestua (barrankismoa) eta Gallego bizkorra (ur lasterretako piraguismoa eta raftina); eta bada, azkenik, Gallego berdea, arabiarren teknologiari esker Aragoiko eremu elkorretan nekazaritza ureztatua eragin duena.
Hain zuzen ere, Azud de Urdán delakoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan genuen aurreko asteburuan. Azud hitz arabiarra da, ibai-ubidea eraginkortasunez kudeatzeko sistema-mota; eta Urdan, berriz, orain dela mila urte luze sistema eraiki zuen ingeniari musulmanaren izena, egungo Zaragoza Saraqusta andalusí zenaren garaietan.
Azud adiera, hiztegirik gehienen arabera, nolabaiteko presa txikia den arren, izatez zabala da, txikia baino zehatzago. Alegia, txikia goitik beherako garaieraz, ur-jauzi-alturaz, baina erabat zabala, ibarrean zehar nabarmen hedatua, bere funtsezko funtzioa bete ahal izateko. Apropos-aproposa, lau urtaroetan ur-emari oso aldakorra izan ohi duten ibaietarako gehienbat.
Edozein modutan, “dorretan” (2) bizi diren nekazarien inguru izugarri polita, etengabeko ubide, erreten eta kanal artean, soroz, baratzez eta ortuz josia. Borraja (munduko onenak, omen), orburu, leka, baba, tomate eta piperren artean ibiltzeak ere badu xarmarik. Ez du ba izango!
(1) Gallicus flumen. Ibai galiarra edo galikoa. Errekaren norabidea iparretik hegoaldera denez gero, nonbait ustea zen iturburua Galian zegoela.
(2) Dorreak (torres). Bertoko baserri modukoei dorreak deritzaie, baina sortzez ez dira etxebizitzak, lan-lekuak baino. Hau da, herrietatik soroetarainoko distantziak handiak zirenez gero, XI. mendetik aurrera han-hemenka etxolak eraikitzeari ekin zioten, lanetik etxera egunero bueltatu behar ez izateko eta lan-tresnak non gorde izateko.