Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ur-marra gainetik

Ur-marra gainetik

Amatiño 2008/06/22 17:17
Lehen karlistada hasi bezain laster, 1834ko ekainaren 30ean, ikaragarrizko euritea egin zuen Bizkai eta Gipuzkoako mugartean, Deba ibaia inoiz baino gehiago hazi zen, sei metro bai gora, eta Maltzagatik barrena egundokoa jaitsi. Hiru zubi hautsi ziren, hamahiru etxe birrindu, beste hogeita bi alferrik galdu, zortzi errota izorratu eta ola bi norazean geratu. Guztira zortzi hildako.

Trajediarik handienetakoa Elgoibarko Andikao errotan jazo zen, bertan errentan zegoen familiak teilatu gainera igo behar izan zuen-eta urak noiz baretuko zain baina, atzenean, uholdeak senar-emazte bikotea eta semea eraman zituen behin betiko.

Ibaia berera etorri zenean, errota-jabeak berria egitea erabaki zuen. Non jaso eta, maldan gora, urak utzitako marraren gainetik, Andikao berria eraiki zuen, baita beste maizter batzuk aurkitu ere, errotaz arduratu zitezen: Luis Aranberri eta Josepa Arano. Bertan jaio zen hamar urte geroago Txomin semea, nere  aittitta.

Andikao errotan eskopeta-kainoiak forjatzen ziren 1638an eta, horretara, gutxienik  berrehun urte iraun zuen erreka-bazterrean 1834ko uholderarte. Eta ez klima-aldaketarik etorri zelako, arrazoi batez zein bestez inoiz baino ur gehiago bildu zelako baino. Baina, hori bai, uholdeak eramandako etxea eraberritzeko orduan, errota-ugazabari ez zitzaion lehengo leku berean egiterik bururatu, urak utzitako aztarrenetik gora baino.

Orain ere uholdeak izan badira. Ez dira uholdeak aldatu, gure jarrera baino. Teknologiak eragindako handikeriaz erabaki dugu uraren arrastotik behera jarraituko dugula eraikitzen,  ez dugula etsiko, ez dugula atzera egingo. Ez dugula irabazitako eremurik galduko. Hurrengorarte, alegia.

Deia, 2008.06.22

 Ur errota

Amatiño
Amatiño dio:
2008/06/23 22:19

Ez jak errazoirik falta. Kendu-ipinixan jardun nitzuan eta, atzenian, letrak mugatu biharrez... Maltzaga aittatzia nahikua izango zalakuan... Dana dala, XIX. mendeko Andikao barrixa Saturixo aurrian jeguan, errekian eskumako ibarrian. 1970eko hamarkadan bota juen autopistia bertatik pasatzeko. Oingo Andikao barrixa Elgoibarko kanposantu barrenian daok, ezkerreko ibarrian.

ramon
ramon dio:
2008/06/23 11:09

Entzuna da zaharren jakinturia, hau euren esperientzien araberan osatutakoa, ideia honi teknoligia medio uko egin diogu neurri batean behintzat, eta garajeak etabar metroak eta metro lur azpitik eta ibaiak edo errekak pareten bitartez eztutu, bestalde hitz ezaugarria erabili dok "irabazi", "galduren" aurkakoa, eta naturarekiko ezin doguz gauzak horrela neurtu (ez genduke behintzat), letek ere badio "...naturarekin bat izan eta harremanetan jartzea...", bestela edozein momentutan naturak gogoratuko digu "lagadaizkidazue bideok libre, ez bait naiz mugen eta eremuen lagun¡"

Serafin
Serafin dio:
2008/06/23 19:26

Politta "ur-mailla gaiñetik" hori. Biribillagua geratuko litzakek "Andikao" nun daguan kokatuko baheu.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: