Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ulia, kaio astrapalatsuen paradisua

Ulia, kaio astrapalatsuen paradisua

Amatiño 2013/05/03 12:00
Donostiako Ulia mendia ez da parajerik ezagunena mendebaldeko gipuzkoarrontzat. Urgull, Ingelesen hilerria eta kaialdea ezagun samarra dira; zer esanik ez --eta ume-umetatik gainera— Igeldo. Baina Ulia oso urruti geratzen zaigu, “beste puntan”. Hala ere, Uliak ere merezi du joan-etorririk.
Ulia, kaio astrapalatsuen paradisua

Platako itsasargia eta urbidea

Oinezko osterarik politenetakoa da Donostiatik Pasai San Pedrora bitarteko bidezidorra. Gora-beheran zortzi kilometro eskas, bi ordu eta erdi bizkorregi ibili beharrik gabe, eta seme-alaba koskortuxeekin batera zailtasunik gabe egiteko modukoa. Buelta, berriz, autobusez, ordu laurdenen batean.

Bidea Zemoria kalean barrena hasten da (Okendo Kultura Etxe albotik) eta hamar-hamabost minututan aldapan gora abiatu ostean, berehala Donostiako ikuspegi ederra gibelean eta, aurrez aurre, Getaria eta mendebaldeko itsasbazter guztia Matxitxakoraino. Labarpean, berriz, 1908an Estatu Batuen aurkako gerran eraiki zen lau kanoitako bateriaren hondakinak, Monpas muturrean.

Izatez, norabide beretsuan edo, lau bidezidor doaz elkarren parean. Barrengoa, labarrean zehar, itsasotik hurbil. Gorengoa, Ulia gainera doana. Eta erdialdetik, bi: Santiago Bidea eta GR-121 delakoa, Talaibidea deritzona, aukerakoena. Zail da horratik galtzea, edo erraza asmatzea, jendea uholdeka baitoa eta etenbako kaixo-agur-eeepaka gogaitzeko bestekoa.

Gaur egun, kaio astrapalatsuen paradisua baino ez den arren, Ulia mendiak zer esan askorik izan du Donostiako historian zehar. Bertatik atera ohi zen Donostiako etxeak eraikitzeko hareharri tipikoa. Bertan kokatzen zen baleak kirikatzeko behatokia eta bertatik igaro, Donostiaraino ura eramateko urbidea. Bai, Uliakoa izan zen –Igeldokoa baino hamar urte aurretik— Donostiako lehen mendi-parkea (1902), eta bertatik bertara egin zen Bulebarretik Ulia gainera bitarteko aurrenengo trenbide elektrikoa (1903).

Ordu bi t’erdiren ondotik, berriz, Platako itsasargia eta, eskaileretan behera, azkenik, Seneko Zuloa eta Pasaiako bokalea.

Autobusa hartu aurretik ez ahaztu, gero, pare bat txakolin jotzen.

Talaia ibilbidea4

Donostiatik Pasai San Pedrora bitarteko bidezidorra

Talaia ibilbidea1

Ezkerrean, goian, Igeldo. Eskuinean, behean, kanoi-bateriaren hondakinak. Barren-barrenean, Getaria

Talaia ibilbidea3

Pasai San Pedroko bokalea eta Seneko Zuloko eskailerak

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: