Ukrainako udaberria
968ko abuztuaren 20an, Sobietar Batasunaren agintepeko Varsoviako Itunaren indarrek Txekoslovakia inbaditu zuten. Polonia, Hungaria, Bulgaria, Ekialdeko Alemania eta Sobietar Batasuneko 170.000 soldaduk eta 4.600 tankek parte hartu zuten erasoan.
Txekoslovakiako armada kuarteletan geratu zen
Inbasioa zehatz-mehatz izan zen denboraz antolatua. Varsoviako Itunaren tropek mugak zeharkatzeari ekiten zioten aldi berean, Moskutik zetorren hegaldi berezia Pragako aireportura iritsi zen aldez aurretik eskatutako baimenaz. Zibilez jantzita, hegazkinak zekartzan ehunen bat polizia eta militar heldu ahala aireportuaz jabetu ziren eta aire-zubi aproposa egokitu. Berehala, minuturo, An-12 hegazkin erraldoiak iristen hasi ziren, artilleriaz eta tanke arinez hornitutako indar sobietarrak lurreratuz.
Aireportuan operazioak jarraitzen zuen bitartean, tanke-hilarak eta fusilari motorizatuak Pragara eta beste hainbat leku estrategiatsutara abiatu ziren, batere erresistentziarik aurkitu gabe, Txekoslovakiako gudarostea kuarteletan geratu zen-eta. Guztira 108 zibil zendu ziren eta sobietar soldaduen artean ez zen batere hildakorik izan.
1968ko abuztuaren 21eko egunsentian, Txekoslovakia herrialde okupatua zen. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren azken soldaduak 1990an egin zuen alde.
Ukrainakoak, ostera, aurre egin du
Zortzi egun dira Errusiak Ukraina inbaditu zuela, eta panorama guztiz bestelakoa da.
Txekoslovakia estatu sozialista zen 1968an., eta Moskuk ez zuen begi onez ikusi herritarren artean zein bertako Alderdi Komunistaren baitan aldarrikatzen ziren erreforma demokratiko baketsuak (Pragako Udaberria). Horra zelan sobietarrak jabetu ziren lehen momentutik Pragako aireportuaz, eta txekoslovakiar armadak jaso zuen kuarteletatik ez irteteko ordena. Okupazioa izan zen, zibilak atera ziren protestaka tankeen aurrera, baina ez zen, ordea, gerrarik izan, sobietar sistema barruko aginte-makila baizik. Ez zen azpiegituretan kalte nabarmenik izan, ezta nazioarteko ondorio politikorik ere.
Ukrainan, ordea, armada kontrajarri bi dira liskarrean dihardutenak. Ukrainaren burujabetza dago jokoan. Kalteak handiak izaten ari dira, honezkero lau-bost mila lagun hil omen dira (zibilen eta bi armadetako soldaduen artean), milioi bat errefuxiatuk alde egin dute honezkero, nazioarteko ondorio politikoak larriak izan daitezke eta, onenean ere, ez dira erraz konponduko.
Martxoaren 20an. hastear da udaberria. Nekez, gero, Ukrainan.