Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Escuain, hegazti harraparien paradisua

Escuain, hegazti harraparien paradisua

Amatiño 2016/11/09 00:05
Aitortu behar dut ez nekiela nor zen gure gidaria, beste bisitari-talde batekin bidezidor mehar berean zehar topo egin eta haren gidariak bere taldekideei esan arte: “Os presento al responsable de que hoy nos crucemos tanta gente en este sendero. Si no llega a ser por él, hoy no habría quebrantahuesos ni estaríamos ahora aquí”.
Escuain, hegazti harraparien paradisua

Ugatza, Quico lagun

Juan Antonio Gil Gallús, “Quico”, FCQ (Fundación para la Conservación del Quebrantahuesos) elkartearen lehendakaria da. Bera jabetu zen orain hogei urte luze Aragoiko ugatzen egoera larriaz eta, geroztik, harrapari honen populazioa murriztu ez ezik, bikoiztu egin da: 39 bikote ugaltzaile zeuden 1994an eta 87, aldiz, orain. Izan ere, munduko ugatz-dentsitaterik handiena dago Escuaingo mendi-zintzurrean, non lau bikote ugaltzaile bizi diren haitzartean bertan.

Euskaraz ugatz esaten zaio erdizka arrano eta sai den hegazti harrapariari (Gypaetus barbatus). Gaztelaniaz, berriz,  quebrantahuesos (quebraosos, galegoz eta trencalòs, katalanez), ardi, ahuntz, sarrio, azeri edo erdi mailako edozein ugaztunen hezurrak baino jaten ez dituelako eta, samurrago irentsi ahal izateko, larretan zein basotan hildako animalia ornodunen hezurrak hartu, hegaz gorantza jaso eta, garaitik, haitzetara botatzen dituelako, hainbat zatitan hautsi daitezen.

Hezurrak besterik ez ditu jaten ugatzak eta, hezurrak jaten dituen hegazti harrapari bakarra denez gero, ez du batere lehiakiderik bere burua elikatu beharreko “merkatuan”.  Horretara, balirudike bizi-iraupen eroso samarra duela ugatzak, baina etsaiak bestelakoak dira.

Azken urteotan edozenbat mendi eta basotan gertatutako denetariko ugaztunen (abereak nahiz basatiak) murrizketa, hainbat nekazarik apropos jarritako pozoina, behar besteko babesik gabeko argindar-kableak, gero eta errazago habietaraino iritsi ohi diren zenbait eskalatzaileren arrautza-lapurretak… gizarte harrapatzailea da, nabarmen, ugatz harrapariaren etsairik arriskutsuena.

Duela hiru hamarkada bazen jenderik beldur eta kexu, hegazti harraparien aldeko lar defentsatan egindako programak ez ote ziren ekonomia-garapenaren kaltetan suertatuko. Gaur egun, ordea, edozelako balantza egiterakoan, inork ez du ukatzen ondorioak, harraparien mesedetan ez eze, tokian tokiko gizarte osoaren onuragarri ere badirela.

Ainsa

Ainsa, urriko azken larunbatean, Pirinioetako herririk politenetakoa. Sobrarbeko konterri zaharraren hiriburua. Gartzia Ximenez (Eneko Arista ote?) lehen nafar erregeak sortarazi omen zuen 724 urtean. Hala ere, datak ez datoz bat. 

.

Escuaingo arroilak eta malkarrak, zein baino zein meharrago, estuago eta sakonago, harraparien aterpe eta babesleku. Hemen da ugatz-populazioaren munduko dentsitaterik handienetakoa.

.

Ezkerraldean, Juan Antonio Gil Gallús "Quico", FCQ (Fundación para la Conservación del Quebrantahuesos) delakoaren presidentea, euskal bisitari-taldeari azalpenak ematen. Hari zor zaio galzorian zen ugatzaren berreskuratzea

Behatokia

Escuaingo haitzarteko behatokian, hegazti harrapariren bat noiz amildegian agertuko zain

Sai arrea

Ugatzen berreskuratzeak erakarri du, aldi berean, beste hainbat harrapariren gehikuntza. Begira, mendi-zintzurretik, zein patxadatsu eta dotore datorkigun sai arrea

MiruGorria

Bertatik bertara, berriz, gure gain-gainera lotsagabe etorria, miru gorria

Ugatzak

Behatokira heldu eta, hamar minutu eskas baino ez genuen zain egon behar izan lehen ugatzak ikusteko. Horra bi, elkarren ondoan. Goragoko lepazuria da heldua eta ilunkara, berriz, gaztea. 

Ugatzhandia

Ugatz larria, eder askoa

Ainsataldebapoa

Bisitari-taldea, arabarrez, bizkaitarrez, gipuzkoarrez eta nafarrez osatua, Ainsako harresietan. Atzeko urtegian biltzen dira elkarrekin A Zinca eta Ara ibaiak.

asier
asier dio:
2016/11/10 10:15
Leku ederra Escuain! Geu be udan egon giñan, miru, ugatz, arrano eta gabillaraz inguratuta. Ikuspegixa be, aparta.
Serafin
Serafin dio:
2016/11/10 11:34
Ededrra lekua eta bikaina azalpena
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: