Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Udako kartelak eta nabarmen gehiago

Udako kartelak eta nabarmen gehiago

Amatiño 2023/07/27 23:45
“Erakusketaren bitartez, kartelak komunikaziorako lortu zuen eraginkortasunaz jabetuko gara, erakarpen-ahalmen handiagatik, eta artearen eta mezuaren artean sortu zen aparteko sinbiosiari esker. Uztarketa horren emaitza kartel moderno eta abangoardisten ekoizpena izan zen, eta publizitateko amu bikain bihurtu ziren” (San Telmo Museoa, 2023).
Udako kartelak eta nabarmen gehiago

Katalogoaren azala

Tximiniak, Eibarren ezaugarriSaski naskiKartelgintza XIX. mendearen erdialdetik aurrera sortarazi zen Frantzian, Parisko artista-giroaren eraginez, Belle Époque garaian eta Art Nouveau edo modernismoaren lapiko-saldan. Ondotik Ipar Ameriketan zein Europa guztian zehar barreiatu zen eta denetariko gaien barrena zabaldu.

 

Denetarikoak, bai: merkatu-publizitatea, arte-erakusketak, musika-saioak, kirol-jokoak, euskal kultura (liburugintza, antzerkiak, azokak…), gizarte-aldarriak, alderdi-mezu politikoak eta gerra-oihartzunak. Hala ere, San Telmo Museoak bildu duen 300 kartel inguruko antologiak (1) Donostiaren erakarpen turistikoa baino ez du ardatz. Donostiako “klima ideala”.

Donostiako edo Donostiaren klima paregabea --XIX. mendeko espainiar erreginek hiriburu gipuzkoarra joeran jarri zutenetik, XX.aren erdialdean argazkigintzak marrazki-lana zokoratu arte--, donostiar turismo-erakargarritasuna ez baitzen eguraldiaren epeltasunean soilik oinarritu, bisitarien astia eta aisia asetu nahi zituzten egitarau naro, oparo, ugari eta anitzetan baizik.

Goi-mailako turistentzat burututako hamaika saio, jaialdi, ekintza eta erakusketa iragarri beharrak denetariko kartelgintza bultzatu zuen: euskal asteak, folklore-bilerak, artesau-erakusketak, itsas-jardunaldiak, industria-azokak, arraun zein bela-estropadak eta atletismo-probak; txirrindu-, automobil- eta zaldi-lasterketak, usotiro-txapelketak, pilota eta tenis-partidak, kasino-demak, lehen zinemaldi eta jazzaldiak, Irungo eta Hondarribiko alardeak, eta, besteak beste,  baita Tolosa, Pasaia, Errenteria, Lasarte edo Eibarko egitarauek ere. Eta, zer esanik ez, Donostiako nahiz Zarauzko hondartzak, inudeak haurtzain,  “guardasol” eta guztiko emakume handikiak eguzkipean eta neska lirainak bainujantzian.

Turismoak eragindako artea eta industria

Turismoa erakarri beharrak eragin zuen kartelgintza, kartelgintzak industria grafikoa sustatu, eta industria grafikoak inoizko artista-andana suspertu. Besteak beste, Carlos Landi, Eduardo Legarde, Antonio Valverde, Pedro Antequera, Jose eta Ramiro Arrue anaiak, John (Txiki) eta Ignacia (Nor-nai) Zabalo neba-arrebak, Enrique Kutz, Rafael Munoa, Aurelio Arteta, Nicolás Lekuona, Tomás Hernández Mendizabal, Néstor Basterretxea, Jose Luis Zumeta eta amaitezinezko zerrenda luzea.

Ondare hori guztia gorde ahal izan da egileei berei esker neurri handi batean, eta egileok eurenak ez ezik, inorenak biltzeko zaletasunik ere izan dutelako. Noizik behin bildu izan dira honelako erakusketak Donostiako Kursaalean edo Bilboko Arte Ederretakoan, baina San Telmoko honako hau da, behar bada, jakineko esparru zehatzari atxikia izan arren, sekula izan den joriena.

(1) Zoragarria, 288 orrialdetan 249 kartel koloretsu  biltzen dituen katalogo mardula.

.Bains de mer

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: