Txoria txori maite zuen istorioak Oscar saria du amets
Eztabaidarik ez da falta filmik onenak izan daitezkeenen zerrendan, baina zein ote den politena adierazteko orduan ohi baino adostasun gehiago dago kritikarien artean. Nork daki onena “Barbie”, “Oppenheimer”, “Napoleon”, “Los asesinos de la Luna” edo besteren bat izango ote, baina politena, politik bada, Celine Song zuzendari korear-kanadarraren Past lives da, antza.
Nahiz istorioak Nora eta Hae Sung umetako lagun minen harremanak hiru adin desberdinetan (12, 24 eta 36 urterekin) kokatzen dituen --eta biok elkar maite, nork bere bikotea izan eta bakoitzak bere aldetik amaitu arren-- “Past lives” filma ez da batere aldrebesa, erabat argia, gardena eta adierazkorra baizik. Erromantikoa eta nostalgikoa, ederra bezain tristea, behingoz gizonezko maitakor, eskuzabal eta zibilizatuak ezagutarazten ausartzen dena.
Ez dakit nik, titulutik beretik hasita, gazte-jendearen interesa pizteko besteko filmik egokiena ote den, baina dagoeneko adindurik gaudenontzat “iragan” zentzu horretan datza, hain zuzen, interes-oinarria. Denboraren ezinbesteko joan-etorrian, izan denaren eta izan zitekeenaren kulunkan, elkartzeko nahiz banatzeko beti ere gurutzatzen diren harreman errepikatuetan, noizbait amets egindako erronka hutsaletan, aukera galduak berreskuratu nahian eta ezinean...
Film hunkigarria, liluragarria, enpatiaz josia, nerabetako lehen amodioa gogoratzea gustuko dutenentzakoa. Eta aldi berean, merkatuari begira, film gogotik berdineza, egungo joera eta balioen kontra, protagonisten elkarrenganako amodioa ez baita hamaika musu eta laztan beroz adierazten, maitasun-besarkada gozoz eta xamurrez baino.
Badira sekulako film ezagun, ospetsu eta arranditsuak, egiazko orduan ezusteko desengainua (2) baino eragiten ez dutenak. Baina izan ere badira, ostera, xumearen xumez, miresterraz suertatzen direnak, eta “Vidas pasadas” horietakoa da, bete-betean.
Txori korearra
Euskal ikuspegitik, nago badirela filmean alderdi bi nabarmen “etxeko” egiten zaizkigunak. Batetik, protagonisten arteko solas labur, motz, murritz eta geldoa, oso modu korearra izango da segurutik, baina susmoa dut hitz egiteko kode hori ez ote den euskaldun samarra ere. Hizketan diharduten bitartean, euskaraz itzultzen ahalegintzea baino ez dago.
Eta, bestetik, Nora bereganatu ezinez Hae Sungek ematen duen funtsezko arrazoia Mikel Laboaren (Joxean Artze) “Txoria txori” abestiaren tesia besterik ez da. Ezin, nahita ere, hitzez hitz, zentzuz zentzu, formulazio antzekoagorik azaldu.
1) Nominazioak urtarrilaren 23an jakineraziko dira eta sari-emanaldia, berriz, martxoaren 10ean.
2) "Napoleón" kasu, Jose Luis Garci zinemagileak ez du espanturik izan Ridley Scotten filma desengainuaren adibidetzat jotzeko. Eta ez da bakarra. .