Txomin Peillen eta Pettiri Sabuki
Egunotan filmatzen ari da, Baztanen, Dolores Redondok argitaratutako (euskaraz, gailegoz, gaztelaniaz eta katalanez) lehen nobela arrakastatsuaren (“El guardián invisible”, 2013) pelikula.
Azken bolada honetan, idazle donostiar hau da Euskal Herriko nobela beltz egilerik irakurriena (30 hizkuntzatan itzulia) baina ez bakarra. Sei urte lehenago ekin zion Jose Javier Abasolok eta geroztik plazaratu dira, gaztelaniaz, Jon Arretxe, Willy Uribe, Ibon Martín, Xabier Gutiérrez, Aritza Bergara eta beste.
Euskaraz, berriz, Jon Arretxe bera eta, aurretik, Gotzon Garate, Xabier Gereño, Anjel Lertxundi, Aingeru Epaltza, Itxaro Borda eta beste zenbait. Eta, klasikorik klasikoenen artean, Jose Antonio Loidi (“Amabost egun Urgain’en”, 1955) eta Mariano Izeta (“Dirua galgarri”, 1962), polizia-nobela guztiak benetan “beltzak” ote diren oso eztabaidagarri bada ere.
Auskalo zergatik, ordea, zerrendarik usuenen artean ez da sarri agertu izaten Txomin Peillen euskaltzaina, euskal nobelagintza beltzaren esparruan lehena izan ez zen arren, bai, ostera, berritzaileenetakoa, “Gauaz ibiltzen dana” (1964an idatzia, nahiz 1967an argitaratu) eta “Gatu beltza” (1973) eleberri parea lekuko.
Stieg Larssonen galaxian*, ez diogu gero batere meriturik kenduko Euskal Herrian ere eleberri beltz arrakastatsua (eta arina) egiteari, baina, esaterako, Pepe Carvalho (Manuel Vázquez Montalbán, 1972) baino, barrena, bost urte lehenago Pettiri Sabuki (Txomin Peillen, 1967) euskal polizia paristarra sortarazi zuenari ohorezko txapelen bat zor zaio. Eta datorren urtean, berrogeita hamar.
Txomin Peillen, Usurbilen (1974), Z. ARGIArentzat egindako elkarrizketan
• Egungo eleberri beltzetako protagonisten artean, aipagarri Frantz Delplanque idazle frantsesak (“Un grano de odio”, 2013) Ipar Euskal Herrian kokatzen duen Jon Ayaramendi hiltzaile profesionala, erretiratu ostean detektibearenak egingo dituena.