Txomin Peillen, beti zabalean
Bizi zuen Parisko kale-txokoan, bazter ilun, laiotz eta gerizperik baizik ez zela, aitortu zidan apal asko. Haren etxe baitan nekez sartzen zela inoiz eguzki errainurik. “Eguzki gose naiz, eguzki beharretan nago, ez dut ikusmira mugatuko edo eragotziko didan paretarik nahi. Eguzkialdeko ikuspegi ireki eta zabala maite dut”.
Une hartantxe Orixe zenaz gogoratu nintzen, hari berriki irakurria nion-eta “euskerak eguzki aldera” jo ohi zuela. Antzerako esaldiak, behar bada, baina zeharo zentzu ezberdinekoak, segurutik.
Orixek sumatua zuen euskaldunaren ekialderantzako begirada soziolinguistikari zegokion bitartean, Txomin Peillenen aldarria itxiturak uxatzearen ildotik zihoan, zabalean jokatu beharretik, itzaletatik ihes egitearen alde; trabak, oztopoak eta zentsurak kentzearen zale.
Izan ere, ez dira gero lau hizkuntza ikasten (1), berrogeitaka titulu argitara ematen, euskaltzain eta katedradun irakasle izatera iristen, edota hainbat sari jasotzen, Parisko kalezulo ainubetik atera gabe. Ez da, ez Igela tankerako aldizkaririk sortarazten, ez Jon Miranderen lankide izaten –eta aldi berean honen zenbait proposameni nabarmen aurre egiten— ateak, leihoak, begiak eta belarriak ixten, edonori eta edozeri men egiten.
Paristik ia mila kilometrora, Ligi-Atherei herriko Laminen zubia gurutzatu ostean, eguteran dira San Julian Antiokiako eliza eta inguruko hilerria, non atzo, ostiralarekin, ehortzi zuten Txominen gorpua. Gorpua besterik ez, haren arimak --eta “animak”-- Usurbilgoan nahiz beste edozein pilotalekutan jarraituko baitu jokoan, sekulako eta betiereko.
Txokoan ez, ordea, beti zabalean.
(1) Hamabost urte zituela hasi omen zen ganoraz euskaraz ikasten eta hamazpirekin idazteari ekin zion, Andima Ibiñagabeitia zenaren eraginez. Eta, une berean, jaiotzez Dominique zena, Txomin bilakatu.