Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Txinpartarik gabeko “Getariako Txakolina”

Txinpartarik gabeko “Getariako Txakolina”

Amatiño 2012/02/29 23:00
Ona da. Oso ona. Ez dut esango onena denik baina bai, ordea, txinpartarik gabe plazaratu den lehen txakolin gipuzkoarra dena jakineraziko. Zaporez gipuzkoarra da erabat, baina, bizkaitarraren antzera, ez du aparrik, ez bitsik, ez hautsi beharrik, karbonikorik gabeko lehen Getariako Txakolina.

Zein ote da odolosterik onena? Porruduna ala arrozduna? Euskaldun jator askok uste du euskal odolki peto-petoak porrurik baino ez duela. Arroz-odolkia Burgoskoa dela, Gaztelakoa, arrotza alegia.

Euskal Herria ez da, ordea, zenbait estu-mesturen larrainean ahitzen. Aiaraldean, esaterako, betidanik jakin izan dute odolosteak, ona izango bada, biak behar dituela elkarrekin, aldi berean, porrua eta arroza. Baina jakina, aiararrak, arabarrak izateaz gainera, mugakideak dira. Hegoaldean Burgos dute eta iparraldean, berriz, Bizkaia. Egoera hau ez da bart gauekoa. Mendeak daramatzate mugan, orekan, zubigintzan, porrua eta arroza onbidean jartzen. Onbidea erdian bai baitago.

Halaber, zein ote txakolinik onena, gipuzkoarra ala bizkaitarra? Zein ote hobea, Gipuzkoako txinpartatsu garratz samarra ala Bizkaiko txinpartabako leuntxoagoa? Auskalo. Ganboatarrak eta oinaztarrak. Zirt edo zart. Ez omen zegoen erdibiderik,  ez elkarren arteko zubigintzarik.

Baina, onerako zein txarrerako, bada Bizkaiaren eta Gipuzkoaren artean mugarik. Eta mugarik baldin bada, lur-eremurik ere izango da. Eta lur-eremurik izanez gero, baita mahastiak landatzeko behar besteko sororik ere. Ondorioz, horra non plazaratu den Debagoienan estreinako lehen txakolin mugakidea. Oñatiarra da eta Upaingoa deritza.

Dastatu dut eta ona da. Oso ona. Ez dut esango onena denik baina bai jakineraziko, ordea, txinpartarik gabe plazaratu den lehen txakolin gipuzkoarra dena. Zaporez gipuzkoarra erabat, baina, bizkaitarraren pareko, ez du aparrik, ez bitsik, ez hautsi beharrik, karbonikorik gabeko lehen Getariako Txakolina. Zirkulu karratua.  

Mugakidea da Upaingoa. Tradizio bien alderdirik onenak bere baitan biltzeko gauza izango ahal da! Erdian omen dago onbidea....

                                       Upaingoa

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: