Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Txinan egina

Txinan egina

Amatiño 2008/01/15 08:11
Aurreko Gabonetan, haurrentzako oparirik bilatuenetako bat Pirritx eta Porrotxen kopinak izan dira, “Euskal Herrian diseinatua eta Txinan egina”, etiketak dioen bezala. Bapo, denok pozik eta harro: ze modernoak gure pailazoak, ze modernoa euskal mundua, ze modernoak gu geu.

Ahaztu egin zaigu, ordea, orain hogei urte inguru Txinara joaten hasi ziren gure lehen enpresek zein kritika latzak jaso zituzten ‘intelligentsia’ sasi-ofizialaren aldetik: produktu merke bila joan omen ziren, hemengo langileen kaltetan, euskal industriaren etorkizunaz arduratu barik, pesetero hutsak baino ez...

Bai, Txinako atea irekitzen ahelegindu ziren lehenengoek  mortalak eta bi entzun behar izan zituzten. Orain, ostera, badirudi Txina dela saltsa guztien perrexila, munduaren zilbor-zila, eta Txina gogoan hartzen ez duena gaberdiko mozoloa baino mozoloagoa dela.

Orain, hogeitaka urte geroago, aztertu beharko genuke zein enpresa diren aurrera egin dutenak: Txinaren susperraldiaz denboraz jabetu eta euskal diseinuari eta ikerketari ekin zietenak ala esku-lan handiko eta balio erantsi gutxiko produktuak egiten jarraitu zutenak.

Batek daki zergatik... orain hogeitaka urte Txinara joaten hasi zirenak traidoreak eta esplotatzaileak ziren, eta orain doazenak, berriz, “modelnoak” eta herri-eraikitzaileak. Baina, tira, hobe gehiegi ez galdetzea. Xabier Leteren haur-kantak dioenez:

Handitzen zarenean, ikusiko duzu

Isilik egoteak zenbat balio dun...

Trarala laralara, larala larara

Trarala laralara, larala larala...

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: