Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Txikiaren xarma, txindurriaren lana

Txikiaren xarma, txindurriaren lana

Amatiño 2021/03/06 20:00
"NanoGUNE autogobernuaren fruitu da, euskal erakundeen politika egokien ondorio. Gutxieneko bi baldintza behar dira politika zientifiko-teknologiko zuzenak garatzeko: epe luzea --jarraitasuna politiketan-- eta administrazioarekin elkarlana." (Pedro Miguel Etxenike).

NanoGUNEk hamar urte bete zituenean, arduradunak konturatu ziren merezi zuela hamarkada horren historia kontatzea. Nabarmendu beharrik ez duen ideia arrunta dela iruditu arren, ez pentsa, gero, ohikoa denik. Izan ere, inork uste al du EHUri, Eusko Jaurlaritzari, EiTBri, Ertzaintzari, Energiaren Euskal Erakundeari, SPRIri, Euskadiko Parke Teknologikoei edo direnak direlakoei otu zitzaienik euren lehen hamarkadaren historia kontatzea? Tamalez, ez. Egin izan balute, orain ez dugun –eta sekula izango ez dugun-- informazio arras hurbil eta zehatza izango genuke.

"Gu" ez omen gara gauzak kontatzekoak... Alferraren edo arduragabearen aitzakia merkea. Jose Maria Pitarke zuzendari nagusiak ez du zalantza erdirik ere bere erantzukizunpeko nanoGUNE gizarteratu beharraz. Alegia, herritarrei kontu eman behar zaiela zer dela-eta ekin zioten, zer egin duten, zertan ari diren, zer egingo, zergatik eta zertarako. Ezta Pedro Migel Etxenike lehendakari fundatzaileak ere, duda izpirik: “uste dut zientzialariok zer egiten dugun esplikatzeko obligazioa daukagula; zergatik, egiten dugun egiten duguna, eta egiten dugun horrek zertarako balio dion gizarteari. Eta, horretarako, denbora eskaini behar zaio komunikazioari”. Denbora eta espazioa. 

Sorrera hartatik joan zaizkigun hamaika urteotan gertatutako hamaika zertzelada jasotzeko, Elixabete Garmendia kazetariak beste hamaika lagun* elkarrizketatu ditu, nanozientzia eta nanoteknologiako zentroaren ideia --zirriborratu zenetik, 54 herrialdetako leheh-lehen mailako 600 ikertzaile bertatik bertara pasatu ahal izaterainoko esperientzia--  erakusleihoan azaltzeko. 

Funtsean,  misio bat baino ez omen zuen sorrera hartako nanoGUNEk, zera: “nanozientzia eta nanoteknologiaren goi-mailako ikerketa egitea, Euskal Herriko lehiakortasun ekonomikoa areagotzeko helburuarekin";  geroztik, Pitarkeren iritziz, “soberan bete ahal izan dena”. Ez, soilik, ikertzaile asko pasatu direlako bertatik, baita ere, “haietako batzuk, dagoeneko, Euskal Herriko beste zentro batzuetan eta enpresetan ari direlako lanean, edo arituko direlako”.

Puntaren puntan jarraitzeko, ordea, “lurralde ezezagunetara eramango gaituen –eraman gintzakeen— puntako ikerketa egin behar dugu, betiere industriarekin --gaurkoarekin nahiz etorkizunekoarekin—dugun konpromisoari eutsiz."

Lau hamarkadaren bueltan

Orain  45 urte, 1976an, etorri zetorren demokraziaren bezperetan, Xabier Arzalluz elkarrizketatu nuen nik Zeruko ARGIA astekarirako. Etorkizunaz galdetu eta zera erantzun zidan: “Horiek tiroka jarraitu nahi dute, beraiek jakingo dute zein zulotan sartzen diren. Baina guk erakundeak jarri behar ditugu abian, lau helburuz: burujabetza, ekonomia, euskara eta teknologia.”

Nekez suma zezakeen orduan inork ezelango nanoGUNErik, ez eta Elixabete Garmendiaren “Txikiaren xarma” bezalako elkarrizketa-libururik ere. Baina, hori bai, oraingo nanoGUNEren inguruan bezalaxe, orduko Zeruko ARGIAren inguruan ere,  bertan zen Elixabete Garmendia kazetari txiki HANDIA. Txikiaren xarma, txindurriaren lana.

Elixabete Garmendia
Elixabete Garmendia

 

Elkarrizketatuak Andreas Berger, Igor Campillo, Pedro Miguel Etxenike, Ainara García, Juan Jose Ibarretxe, Joseba Jauregizar, Miguel Odriozola, Itziar Otegui, Jose Maria Pitarke, María Rezola eta Amaia Zurutuza.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: