Txikiak ere badu ajerik
Behin eta berriz aipatu izan zaigu txikiak hainbat abantaila duela –malgutasuna, erabaki bizkorrak hartzeko aukera, bezeroekiko harreman pertsonala, atxikimendu arteza, kementasuna, sakrifizio-ahalmena etab.— baina, sarri asko, egiazkoak diren abantaila horien atzekaldean daudekeen beste zenbait aje nahi izaten ditugu ezkutatu. Hau da: behar bezainbateko eskalarik eza, denera heldu ezina, informazio falta, teknologia-berrikuntza urria, finantziazio eskasa, borondatekeria…
Esaera zaharrak dioenez, egia da, bai, harako hura: Txikiak handia betzi leidi asmoz eta jakitez. Baina hau egia izanda, egia ere bada “asmoa” eta “jakintza” oso hitz potologoak direla, potoloegiak behar bada, eta nahi beste interpretazio izan dezaketela.
Izan ere, asmoa ez da, soil-soilik, langile amorratua izateko behar den dohaina, baita beste zenbaitekin elkartzeko gaitasuna ere. Eta jakintzak ez du esangura denetik jakin behar denik, beste zenbaiten jakintzaz batera egitasmo bateratuak osatzeko ere gauza izan behar dela baino. Elkar-lana, alegia.
Euskal enpresen ajerik handienetako bat euren txikertasuna da. Eta sarri asko txikerrak dira, txikerregiak, nahiago dutelako hil euren parekoekin elkartu baino. Elkarrekin lan egiten ez dakitelako eta sekula ikasi nahi izan ez dutelako. Elkarlaguntza bideratzeko ere asmo dezente eta uste baino jakintza gehiago behar da.