Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Txikia bertakoa, handia kanpokoa

Txikia bertakoa, handia kanpokoa

Amatiño 2018/01/02 09:00
San Tomaseko azokan hasi eta Errege-egun arte, Olentzarotan barrena, erosketa-garaia da Euskal Herri osoan. Gutako asko eta asko hasi ginen baserritarrei intxaurrak erosten eta amaituko dugu jostailuak, arropak eta opariak internetez eskatzen. Ez da gure askatasuna auzitan dagoena, gure koherentzia baino.

San Tomas egunean ez ezik, urte guztian zehar ere baserritarrei erostea oso ondo ikusia dago. Baita kale-bazterreko dendetan erostea ere. Badirudi hobeak garela, gertukoagoak, bertakoagoak sentitzen garela; noizik behin bertakoa erosteak gure kontzientzia lasaitzen laguntzen digula.

Ahal dela, bertatik bertara eta bertakoa erostearen aldeko joera tarteka-marteka loratu ohi da. Bada dioenik ez dagoela edozer gauza erosteko urrutira joan beharrik, eta dirua inguruko dendetan gastatzea dela, praktika ona ez ezik, baita behar beharrezkoa ere, bertako herri-ekonomia hurbila zaintzeko eta indartzeko.

Seguru asko, arrazoirik ez zaie falta dendari-elkarteei, eurei erosteko kanpainak indarrean jartzen dituztenean; baina… ez dakit ba nik beraiek egiten ote duten euren bezeroei eskatu izaten dieten berbera. Esangura dut, ona baldin bada bertako dendei erostea, ez al litzateke ona ere izango dendariek bertako produktuei lehentasuna ematea? Zergatik da ona norberaren herriko dendetan erostea eta ez da horren ona, berriz, inguruko ura, ardoa, patatak, haragia, olioa edo kontserbak saltzea, auskalo nongoa ekarri beharrean?

Eta zergatik bertako produktuen aldeko jarrera honek amaitu behar du erosketa arrunt eta txikietan? Beste modu batez esanda, eguneroko produktuak bertako dendetan erosi ditzagun nahi lukeen dendariak zergatik berak, gero, opariak, jantziak, jostailuak edo urtean behingo erosketa handiak egiten ditu internetez? Edo, bere gaztaia saldu nahi digun baserritarrak, zergatik du atarian auto korearra eta ez, esaterako, europarra?

Ala… Kataluniako, Frantziako edo Alemaniako auto-fabrikentzat lan egiten duten euskal automozio-lantegietako piezek ez dute bertako porruen, okelen edo esnekien besteko bertakotasunik? Zergatik baserritarrak eta dendari txikiak “gureak” dira eta industrietako langileak ez?

Ea, elkar ulertzen dugun. Bakoitzak erosi dezake nahi duena eta nahi duen lekuan. Ez dut nik kontrakorik esango. Baina ez dezagun, gero, geure bururik engainatu. Ez du balio baserriko intxaurrak jatea kontzientzia lasaitzen aldera, eta gero arropak eta jostailuak internetez erostea. Ez du balio, bertako jogurta kontsumitu behar dela esatea eta, gero, kristoren bizikleta italiarra erostea.

EUSKADI IRRATIA. Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: