Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Txertorik onena, Europa

Txertorik onena, Europa

Amatiño 2020/12/29 12:00
Amaitu berri den 2020 urtean Europar Batasunak ezagutu ditu sekula aurretik ikusi gabekoak. Pandemiak ekarri digu gudaldiz kanpo inoiz izan den aje ekonomikorik sakonena. Eta krisia gutxi balitz bezala, zer gehiago gertatuko eta, Britainia Handiak alde egin!

Ezin esan, ozen, onerako izan daitekeenik, baina orain urtebete inork sumatu ez zitzakeen arren, badira hainbat zertzelada, etsipen-kanpaiak jotzeko baino, gogoan hartzekoak direnak.

Aldentzea, hasteko, bi parteen adostasunez izan da, eta beti ere hobea da akordiorik txarrena, akordiorik eza baino. Zer esanik ez, kontuan hartuta, Britainiar Erresumak ez duela bere burua inoiz eroso sentitu izan, Europar Elkartearen baitan.

Izan ere, Britainia Handia --Estatu Batuekin zituen itunak zirela-eta--, Alemania eta Frantzia baino 15 urte beranduago sartu zen osoki Merkatu Elkartuan; eta gainerako europarrok, ardatz aleman-frantsesarekin batera, euroa geureganatu genuenean, britianiarrek beren liberarekin jarraitu zuten, eurenari eusteko ez ezik, baita dolarraren erreferentzia ez galtzearren ere.

Gustura sentitzen ez den lankidea bidelaguntzat hartzea zaila bada, areago motxila aldapan gora astundu ahala. Zalantzarik ez, azken sei hilabeteotan Europar Batasunak onartu dituen erabakiak ez liratekeela aurrera aterako, Britainia Handiak partzuergoan jarraituko balu.

Zehatz esanda: Europar Batasunak abian jarritako 750.000 milio euroren baliabideak; indargabetu duen egonkortasun-egitasmoa; bere gain mutualizatu dituen Estatuen zorrak; ingurumenaz, digitalizazioaz zein ekosistema teknologiko eta industrialaz sustatu dituen itzelezko estrategia bateratuak; eta pandemiaren kudeaketa orokorra bera… hauek guztiak nekez gerta zitezkeen, Alemaniak eta Frantziak Britainia Handiak bezala pentsatuko balute.

Europar Batasuna eta zorioneko txertoa antzekoak dira. Segurutik Batasunak ez digu dena konponduko, baina Europarik gabe gureak egin du. Txertoak ere ez gaitu gaztetuko, baina txertorik gabe ez gara zahartzarora helduko.

EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: