Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Txertoa

Txertoa

Amatiño 2021/11/25 23:55
Gaur jarri didate Covid-19ren aurkako txertoaren hirugarren dosia. Sei hilabete zehatz joan dira bigarrena ipini zidatenetik eta neuk eskatu dut hirugarrena internetez, inork noiz deituko zain geratzeke. Bete-betean txertozale naiz. Eta ez txerto honen edo haren zale, txertaketa-lorpenaren zale baizik. Kultura honetakoak gara. Kultura honetan haziak eta heziak. Zientziari esker.

Wikipediari jaramonik egingo badiogu, txertoa “prestakin biologikoa da, gaixotasun baten aurrean inmunitate hartua aktibatzen duena”. Harrigarri samarra bada ere, hainbati entzunez gero badirudi txertoa dela, oro har, Covid-19ari erantzuteko aurkitu berri den ezusteko tresna. Hala ere, Munduko Osasun Erakundearen ustez txertoa da, definizioz, “gaixotasun infekziosoaren kontra egiteko historian egon den baliabiderik garrantzitsuena”.

Azken bi mendeotan hogeita hamarren bat txerto-mota lortu ditu medikuntzak, eta mundua bestelakoa litzateke era bateko zein besteko txertoak indarrean jarri izan ez balira, kolera, amorrua, tuberkulosia, sukar horia, tifusa, malaria, ebola edo dengearen aurkako txertoak, esaterako, ezagunenak baino ez aipatze arren.

Gure gurasoek ez ziguten baimenik eskatu nafarreria, elgorria edo beste pareren bat txerto jartzeko, gure seme-alabei poliomielitisaren aurkako txertoa ezartzeko galdetu ez genien bezala. 1999an, berriz, nik neuk erabaki nuen gripearen aurkako txertoa hartzea eta geroztik urtero hartu izan dut, aurrerantzean, ziurrenik, Covid-19aren aurkakoa ere urtero jarri beharko edo jarriko dudan bezala.

Segurutik, Covid-19aren aurkako txertoa ez da perfektua. Zalantzarik ez, gero, hobetu beharreko akatsik, jariorik eta itokinik ez duela falta. Ziur ere, txertoa jartzearen kontrako argudioez liburu lodikotea idatzi zitekeela, aldeko arrazoiez beste hainbesteko liburu mardulik osatzerik legokeen bezala. Baina, bata zein bestea plazaratu arren, bietako bat bera ere ez litzateke baliozkoa, ezta biak elkarren ondoan metatuz gero elkarrekin zientziarik osatuko ere.

Metodoa, zientifikoa izango bada, aldeko zein kontrako arrazoiak eta argudioak bildu beharko ditu, aurrez aurre jarri, ikertu, zientzia-ebidentziak identifikatu, balantza egin eta erabaki.

Gehienon irudiko, zientzia-komunitateak aspaldi erabaki zuen erabaki beharrekoa, baita Covid-19ren aurkako txertoari dagokionez ere,  kontrako iritzirik sekula falta izango ez den arren.

Asier Arregi
Asier Arregi dio:
2021/11/26 13:58
Ez dago ebidentzia zientifikorik txertoen eraginkortasunari buruz, ez Covid-19an eta ez aurrekoetan. "Vacunaciones sistemáticas en cuestión" Juan Manuel Marín Olmos, medikua eta historialaria. Estatistika ofizialak eta gaixotasun infekziosoen bilakaera txertoen sarrerarekin...Espainiako estatistikak eta AEBetakoak oso antzekoak dira.

Ezin da zientifikoki demostratu gaixotasun infekziosoen urritzea txertoei esker izan denik. Murriztuta zeuden txertoen aurretik INEren datuen arabera. Txertoei esker ordea bai sortu dela tuberkulosia Afrikan eta 200.000 umek ondorio larriak dituztela Indian poliomelitisaren txertoen eraginez Gatestarren esperimentuetan.

Zientzia ez da entitate jainkotu bat, askok hartzen duten bezala edo era erlijiosoan inokulatua dagoen bezala. Zientzia metodo zientifikoaren bitartez jakituriara gerturatzeko bidea da, eta dogmatatik urrun, beti teoriak zalantzan jartzen eta esperimentuak egiten. Txertoen alde zientzia gutxi eta propaganda asko Zientziaren izenean amen.
Serafin Basauri
Serafin Basauri dio:
2021/12/01 12:23
Txertuen barri ez jakixat ezer. Hartu jittuat hartu biharreko guztziak, ia holan libratzen garan pandemia honetatik. Bide batez,Zorionak euskaltzain ohorezko izendatu hautelako, ohore ondo merezia. Besarkadia.
 
[Biharbada ez dok izan leku hau aproposena hi zoriontzeko, baina nunbaitten izan juat horren berri Asierren bidez, baina etxakixat nun]
Amatiño
Amatiño dio:
2021/12/01 12:43
Eskerrik asko, Serafin. Zorionak jasotzeko edozein leku dok ona.

Txertuen gainian, barriz, nik be ez jakixat askorik baina, biharreko kontuak dirala-ta, egun bittan egon barri nok Santiagoko Unibersidadian eta, gazterixia nagusi dan arren, esango najeukek, itxuraz behintzat, han jendiak hemen baino zuhurrago diharduala. Tabernetan be nabarmena dok hemen sumatzen ez da kontu haundixa.

Eskerrik asko. Eta eutsi goixari.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: