Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Txapeldun zaharra eta gaztea

Txapeldun zaharra eta gaztea

Amatiño 2018/05/22 16:40
Datorren igandean, Olaizola eta Altunaren arteko eskuz eskuko finalean, pilotaren historian sekula aurretik gertatu gabekoa ikusiko dugu kantxan: hamasei urteko aldea pilotari bien artean. Goizuetarrak 38 urte eta amezketarrak, 22. Ezin esan gero, bi belaunaldi izango direnik, aurrez aurre, elkarren kontra, baina, hor nonbait, ia-ia.

Bi finalistaren artean inoiz aurretik izan den alderik handiena orain hirurogeita hamar urte gertatu zen, 1948an. Atanoren eta Gallastegiren artean. Kasu hartan, bi garairen arteko norgehiagokaren antzera jolastu zen, nahiz euren artean hamalau urteko aldea baino ez izan.

Egin kontu, Atano IIIak 44 urte zituela eta, gerra zibilaren inguruko geldiunea tarteko, 22 zeramatzala erreskadan txapeldun. Mito hutsa zen azkoitiar aurrelaria. Gallastegi atzelari eibartarra, berriz, nabarmen gazteagoa izan arren, ez zen ordurako hain gaztea, 30 urte beteak baitzituen. Baina, gerra ostean bi urtetik behin baino ez zirenez gero txapelketak jokatzen, biak ere ohi baino adintsuagoak ziren txapela lehian jarri zutenerako.

Basarri bertsolariaren ahapaldiak gogoratu besterik ez dago, orduko giroaz jabetzeko:

Pelotazale asko zeuden an, malkoa zeriotela,

ikusirikan jator ta umill, Atanok uzten zuela,

ogeitaka urtez bere mendean, eduki zuen txapela.

Pena franko zen, bai, pilotazaleen artean, Atano handiaren ahalak behingoz amaitzear zirelako. Hona, berriro, Basarri bera:

Berrogeita lau urte Atanok, bestea berriz sasoiko.

Ainbeste argi egindakoa, ez al zan bein itzaliko?

Jende guztiak esan zuena: “Jaungoikoa dek betiko!”

Gaur egun ez da ordukorik. Olaizola, onenetakoa izan arren, ez baita txapeldun bakarra. Eta Altunak, ostera, nahiz 22 urte izan, ezelango garai-aldaketarik ez dakarrelako.

Hala ere, 1948 urteko bertsoen haritik, Eibar eta Azkoitia herrien ordez, Goizueta eta Amezketa aipatuz gero, hona non orduko bertsoak oraindik ere indarrean liraukeen 70 urte geroago…. Oraingoan ere, gazteak irabaziko balu, jakina!

Poztu Goizueta eta Amezketa, on baita gogoratzea:

bioiri nola gerta zaizuen, seme on oiek aztea.

Bertso gozotan zoriontzen ditut, bata bezela bestea.

Urte askoan naiko nuke nik, osasuntsu ikustea.

Len izan degun txapeldun zarra, ta orain daukagun gaztea.


EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: