Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Txanpon berberaren aurpegiak

Txanpon berberaren aurpegiak

Amatiño 2018/06/05 12:47
Euskararen inguruan azken egunotan sumatu diren salaketek eta adierazpenek, batetik, eta espainiar politikagintzan gertatutako hainbat mugimenduk, bestetik, kinka larrian jarri ditzakete, euskal gizartearen gehiengoak zeharo normaltzat jotzen dituen oinarri nagusietako bi; euskara eta foru-tradizioa.

Euskaltzale ugari dira, euskararen garrantzia azpimarratu arren, foruei darien paktismoa gutxiesten dutenak. Euskaltzale askorentzat, euskara hil-ala-bizikoa da baina foru-sistema, ostera, beste edozein formula modernoago batez erraz ordezkatu zitekeen gobernamendua.

Alderantziz, nahiz euskararen garrantzia ez ukatu, badira lege-aditu eta politikari dezente uste dutenak, Euskal Herriaren berezitasunik handiena, apartekoena, zaindu beharrekorik zaindu beharrekoena, euskal sistema foralaren oinordekotza dela.

Batzuei eta besteei erantzute aldera-edo, aipatzekoa da Koldo Mitxelena gudari, irakasle, salamankari, hizkuntzalari eta eruditoa izan zela, euskararen eta foru-paktismoaren garrantzia aldi berean azpimarratzeaz gainera, bi arloen arteko bateragarritasuna beste inork baino hobeto nabarmendu zuena.

Gogoratu dezagun Koldo Mitxelenaren iritziz, euskararen meriturik handienetakoa ez dela jatorri ezagunik ez izatea edo beste hizkuntzengandik zeharo bereiztea, gaur egun bizirik iraun izana baizik, mende luze guztien azpitik eta hizkuntza nagusi guztien presioen gainetik.

Eta, ildo beretik, Koldo Mitxelena euskaltzainaren iritziz, foru-paktismoaren alderdirik baliotsuena ere, ez da beste inon parekorik ez aurkitzea, XXI. mende arte indarrean iraun duen bakarra izatea baino, Erdi Aroko gainerako lege-araudiak eskuizkribu zaharretako hautsetan suntsitu diren artean.

Nago, kontua ez dela bata ala bestea, biak baino. Nago, euskal hizkuntza eta euskal paktismoa txanpon berberaren aurpegiak baino ez direla. Eta… edo biak aldi berean kontserbatzeko gauza gara, edo ez dugu bietatik bat bera ere gorde ahal izango.

EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria

Iñaki Iñurrieta
Iñaki Iñurrieta dio:
2018/06/07 23:40
Ados. Orain, bakarrik falta da horretaz konbentzitzea gure artean hori horrela dela jabetu ez diren hainbat eta hainbat.
Foru-sistemaren onurez, nik uste, gehiengo handia dago konbentzituta gure artean; gaur egun, nork ez du onartzen autogobernuari eta Kontzertuari esker hobeto bizitzeko modua dugula? Euskarari dagokionez, ordea, ez nuke beste horrenbeste esango.
Eta, hala ere, zuk esan bezala, txanponaren bi aldeak bezala daude lotuta bi alderdiok. Kontzertua eta, oro har, foru-sistema justifikatzeko erabiltzen den oinarri nagusitzat gure berezitasuna aipatzen da, “nuestra singularidad”, eta horren barruan, euskara espresuki. Halaxe egin zuen Eusko Jaurlaritzak, esate baterako, Riverak Kuponazoarekin bazterrak nahastu zituenean.
Hortaz, justifikazio, eustazpi eta oinarri den hori indargabetuz eta are galduz gero, hots, gure “singularidad” hori gabe, arrazoi faltan geratuko ginateke gure ingurukoen artean Kontzertua justifikatzeko. Hori ikusi behar lukete bai hemen garrantzitsua ekonomia dela eta beste guztiak ipuinak direla uste duten euskal herritarrek, bai euskaldun epelenek eta baita erdaldunik amorratuenek ere: horiei denei onura dakarkie euskarak, eurak konturatu ez arren, autogobernuaren eta Kontzertuaren justifikagarri den heinean. Alegia, patrikari edo ongizateari huts-hutsik begiratuta ere, komeni zaie euskara indartzea.
Oso garrantzitsua da ikuspegi hori hedatzea euskaratik urrun dauden milaka eta milaka herritarren artean. Gizarteak hori barneratuz gero, eta ez bestela, onartu ahal izango du behar besteko ahalegina egitea euskara eta euskal kultura indartzen; horrela baino ez du sentituko ahalegin horrek merezi duela.
Iñaki Idigoras
Iñaki Idigoras dio:
2018/06/09 23:47
Foruak gure Kultura politikoaren funtsa dira.
Gure egiteko ERA.Euskaldunon era. Euskera.


'foruei darien paktismoa'ri usain onik ez dario. Paktismoari,diot.


'foruei darien paktismoa'ri usain onik ez dario. Paktismoari,diot.

http://nabarralde.eus/[…]/
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: