Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Txakolina, ardo txakala, txakalik bazen

Txakolina, ardo txakala, txakalik bazen

Amatiño 2017/04/01 00:05
“Txakolina ere egiten da, ardo eskas bat, arabieraz ‘chacalet’, ahula, mehea…” Idatzi zuen Richard Ford ingelesak 1847an, Espainialdeko gidaliburu gisako batean. Auskalo txakolin izena arabierazko “chacalet” hitzetik eratorria ote den, baina, itxuraz behintzat, zer pentsa ematen du “chacalet” eta “txakala” adieren hurbiltasunak. Zer esanik ez, kontuan izanik, idazle ingelesak ez zekiela hurbiltasun honen berri.

Txakolina --1980ko hamarkada arte, barrena-- ganorabako ardo garratz eta txepela zela ez du inork ukatuko. Zarauzko Corderitonean jotzen genituen basoerdiek eragindako burukominak eta bihotzerreak astebururoko ajeak ziren.

Ez zen, gero, kontu berria. Historiak han-hemenka bildu dituen agiriak irakurri besterik ez dago jabetzeko, txakolina bederatzi gradutara ere ozta-ozta heltzen ez zen sasi-ardoa baino ez zela izan ia bost mendetan zehar, 1520 urtean estreinako aipatu zenetik aurrera.

Calahorrako gotzaingoak debekatu egin zuen, 1698 urtean, “chacolin” ardoak mezatan erabiltzea: “Y en los lugares de montaña o marítimos, en que hay cosecha de vinos flacos y débiles que llaman comúnmente chacolín, los cuales, como son crudos, y de fruto no maduro, comúnmente tienen punta de azedo, o están dañados, mandamos que para el Sacrificio de la Missa no se use de ellos y en su lugar se gaste vino de Rioxa, Castilla o Navarra ”. Berdintsu zioten Bizkaiko Gordexolan, 1624 urtean. Ironia handiz kristau gaiztotzat jotzen zuten txakolina “porque no admite bautizos dado su poco grado”.

Antzerako aita Larramendik bere Korografian (Corografía o descripción general de la muy noble y leal provincia de Guipúzcoa, 1756). Zarautz, Getaria, Deba eta Mutriku aipatuz, zera idatzi zuen: “no hay viñas sino en la Marina, y de uvas ruines y de gusto mal sazonado, de que se hace el chacolín, a quien se puede disputar la calidad de vino necesario para la obligación”.

Txakolinaren kalitate txarra eta lehiakortasunik eza ez zegoen nonbait zalantzan, Oiartzun inguruko biztanleek 1584an aldarrikatu baitzuten edozein ardo-mota erosteko askatasuna. Herritarrek salatu bezala, ardo hoberik erosteko aukera zegoelarik, ez zitzaien zilegi iruditzen txakolin eskasak edan beharra, are gutxiago kontuan izanik bertako ardandegi-jabeek ere ez zutela euren mahastietakorik nahi izaten.

Juan Ignacio Iztuetak garbi asko aditzera eman zuen bere “Guipuzcoaco condaira" delakoan (1847), bertako jendeak ere, aukeran, nahiago izaten zuela kanpoko ardoa edatea, eta agintaritzak nolabaiteko eragozpenak, debekuak eta arantzelak jarri ohi zituela, jatorrizko txakolin guztia edan arte, erbesteko ardorik euskal merkatuan sartu ez zedin. Hots, hitzez hitz:

"Anziñaeran Donostia inguruko uztabiltzerik geienetakoa zan txakolina non nai deitzaion ardoarena, zeña beratxoa eta gorputz gitxikoa izan arren, bazkatzeko aiñ ona zan, nola Kabretongoa, Kastrokoa, eta Gipuzkoako beste Erri itsas bazterrekoetan biltzen dana. Egiazki, guztiz zan andia Erriko ardo onen salera, eta Errege Fedariak 1489garren urtean ontzat emandako Donostiaren aginde anziñakoak debekatzen zuten besterik sartzea, alik eta txakoliñak bukatu zitezen arteraño, zeña gertatu oi zan Maiatzeko illean; eta oraindik goarnitzalle zeuden soldaduai ere ifini izan zitzaizten eragotzpen batzuk, Felipe II eta IIIgarrenaren aginduz, erbesteko ardoaz oitza egiteko, Errikoak kaltarkitu etzitezen.”

Urte bertsuetan, hain zuzen, Richard Ford idazle ingelesak Espainia bisitatzeko gidaliburua argitaratu zuen (Handbook for Travellers in Spain)  eta, Euskal Herriari zegokion alderdian, besteak beste, hainbat jan-edanen berri eman zuen: “Maize is the staple ‘bread-stuff’; good milk, bad cheese and the fine apples are plentiful. A poor wine also is made ‘chacoli’, Arabicè ‘chacalet’, weakness, thinness. The Basques, from having nothing better, drink it copiously, and, from habit, have even got to like it; however, it disagrees with the palate and stomach of foreigners”.

Alegia, nire itzulpen azkar eta arin batez: “Artoa oinarrizkoa da ogia egiteko; esne ona, gazta txarra eta sagar finak ugari dira. Ardo eskasa ere egiten da, arabieraz 'chacalet', ahula, mehea… Euskaldunek, ezer hoberik ez dutenez, oparo edaten dute eta, ohituraren ohituraz, azkenean gustuko dute. Hala ere, (txakolina) ez dator bat atzerritarren zapore eta urdailarekin.

Ustekabean, beraz, ingeles bisitari honek pasadizoan ematen du, nik neuk behintzat beste inon ikusi ez dudan datua, hau da, “chacolin” izena arabierazko “chacalet” hitzetik eratorria omen dela eta, hain zuzen ere, hitz horrek ahuleria edo mehartasuna esangura duela-edo; beste modu batez esanda, txakolin adierak berak ahul, mehe eta… txakal esan nahi duela, eta hortik datorkiola deitura.

Hartara, auskalo gero 'txakolin' eta 'txakal' jatorri bereko hitzak ote diren, baina ezin esan behintzat proposamen polita ez denik... Richard Ford idazleak berak horrelakorik sumatu ere ez egin arren!

Txakolin zaharraren aldekoak

Amaitu aurretik, txakolinaren ajeak azpimarratu behar honetan ezin izango ditugu kritika onak aipatu gabe utzi, antzinako txakolinaren ospe txarra gozatze aldera baino ez bada ere.

Esaterako, Garibaik peninsulako ardorik onenetakotzat jo zuen (1571) txakolina; William Bowles irlandarrak lausenguz goretsi zituen (1752) Bilbo inguruko txakolinak eta, Humboldt-en iritziz, txakolina zen “un vino excelente”.

Zenbaitek esango du Garibai Garibai zela; Bowles, Euskalerriko Adiskideen Elkarteko bazkide eta Humboldt-ek ikaragarri maite gintuela… baina, zer nahi delarik, hori da esan zutena, eta, hori ere, txakolin txakal-ohiaren historiaren parte da.

Informazio gehiago:

Baco, profesos y filósofos. Emilio Mugica Enecotegui. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. Lanak, 23 – 2000.

Del vino chacolín al txakoli. Antxon Aguirre Sorondo. Euskonews, 2008.

jaime
jaime dio:
2017/04/02 18:33
1968.ean, oker ez banago, Txorierriko baserri batean txakolin bizkaitar baten “dastatze”-a suertatu zitzaidan lehenengo aldiz. Bediako lagun batekin joan ginen aipatutako baserrira ukuiluko satsak sortzen duen metano gasa ustiatzeko instalazioak ikustera. Baserritarrak ez zerabilen butanorik etxea berotzeko edo eta sukaldean zeuden indabak prestatzeko. Den-dena metano gasarekin. Itzela.
Hamaiketako ordua gertu, arrautza batzuk eta zenbait txistorraren mutur frijitu ondoren, txa(ka?)kolina (etxe-etxekoa, e!) dastatzeko tenorea heldu zitzaigun. Tamalez! Ohitura handi xamarra nuen nire sorterriko txakolina edaten (Corderitonekua), beraz, sabela sano blindatua, baina, aizue, ez zegoen kristaurik edabe mingots eta garratz hura edan zezanik. Ez horixe! Dante Alighierik idatzi zuen Jainkozko Komediako infernuan zigortuen penak eta oinazeak nabaritu genituen lehenengo botila hustu arte. Baina, gizalege handiz, zoriondu genuen baserritarra, eta, hark lorian, beste botila bat aterata biderkatu zituen gure sufrimenduak. Ordu batean edo, Bediaratu ginen botila txakolin bana generamala. Gure atzetik baserritar jatorrak: itzuli gura dozuenian!
Gaur egun, zorionez, eta Hondarribi Zuriaren esker, sekulako txakolin ekoizten da Bizkaian. Beraz, Gipuzkoako aihen famatu horrek eragipen handia izan du Bizkaiko txakolinaren hobekuntzan. Txokokeriak kanpo.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: