Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Txaikovskik ez du euskal jarraitzailerik

Txaikovskik ez du euskal jarraitzailerik

Amatiño 2014/03/16 13:10
Ez dakit arrazoirik duten ala ez azken berrogei urteotan ezer gutxi egin dugula aurrera esan ohi dutenek. Baina 1974an ez genuen Kursaalaren pareko auditoriumik gure seme-alabak eramateko, eta orduan esan izan baligute noizbait joan ahal izango ginatekeela bilobekin Euskadiko Orkestraren kontzertura, Txaikovskiren gaineko saio didaktikoa euskara hutsean entzuteko… batek daki zientzia fikziotzat ez ote genukeen jo izango.
Txaikovskik ez du euskal jarraitzailerik

Piotr Ilitx Txaikovski

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Txaikovskiren piano eta orkestrarako lehen kontzertua eskaini zuen atzo, larunbat eguerdiz, Kursaaleko Ganbera Aretoan. Mikel Cañadaren ideiaz eta gidoiaz, hamar urtetik gorako neska-mutikoentzat apropos burutua, Iker Sanchez aritu zen zuzendari, Felix Ardanaz pianoan eta Elixabete Arabaolaza, kontu-kontari, aurkezpen-lanetan. Horrez gainera, dozena erdi gaztetxok ere bertatik bertara parte hartu zuten.

Kontzertu arras polita, txukuna eta ezagunenetakoa musika klasikoaren errepertorioaren baitan. Ezin esan, ordea, jendearen aldetik harrera onegirik izan zuenik. Berrehunen bat lagun baino ez seirehun eserlekuko aretoan eta, oro har, berrogeiren bat haur-edo. Ezin ere esan sarrerak garesti zirenik: 7 euro helduenak eta 3, haurrentzakoak.

Ez dakit arrazoirik duten ala ez azken berrogei urteotan ezer gutxi egin dugula aurrera esan ohi dutenek. Baina 1974an ez genuen Kursaalaren pareko auditoriumik gure seme-alabak eramateko, eta orduan esan izan baligute noizbait joan ahal izango ginatekeela bilobekin Euskadiko Orkestraren kontzertura, Txaikovskiren gaineko saio didaktikoa euskara hutsean entzuteko…batek daki zientzia fikziotzat ez ote genukeen jo izango.

Auskalo lortu ote dugun merezi dugun guztia, baina nago ez garela jabetu ere egiten inguruan ditugun abaguneez. Seguru gero aurkezpena gaztelania hutsean egin izan balitz…

jaime
jaime dio:
2014/03/16 17:35
Tamalez, gure Euskal Herri gaixo honetan, kulturak, benetako kulturak, pertsonak eta herriak garatu eta aberastu dituen kulturak ez du inolako eraginik izan. Zergatik? Auskalo! Oso pragmatikoak garelako edo gure interes partikularrak kilikatzen ez dituenak ez du ezertarako ere balio.
Atzerrirako bidaietan konturatzen gara gure ezjakintasun endemikoaz. Hala ere, geure burua munduko zilbortzat!
Juan Carlos
Juan Carlos dio:
2014/03/23 23:55
Martxoak 14, ostirala. Kontzertu bera Soraluzen (4.000 biztanle). 525 lagun bertaratu ginen.
Ezaguna da herri txikietan jendea gehiago mugitzen dela handietan baino, proportzio aldetik behintzat.
Baina Soraluze batean Donostian baino entzule gehiago?
Kontzertuak antolatzeko irizpideak (prejuizioak?) berriro pentsatzeko momentua al da?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: