Tropelaren lasterketa
Taldeburu onak badaki, talde osoa helmugara irabazle helduko bada, beharrezkoa dela aurretik tiraka doan buruaren eta atzetik jarraitzen duen tropelaren arteko loturari eustea. Liderrak asmatu behar du abiadarik bizkorrenaz erakartzen, baina sekula ez, ostera, tropela eteteko bezain laster.
Txirrindularitzan ez ezik, politikagintzan ere beste horrenbeste gertatzen da. Gizartea lideratu nahi duen alderdiak jakin behar du talde-lana egiten, herritarrik azkarrenen eta geldoenen arteko orekari eusten, tropel handia sekula hautsi ez dadin.
Nik ez dakit, honezkero, Carles Puigdemont txirrindulari ona den ala ez, baina beldur naiz hartu duen abiada horretan darraikion tropelak ez ote duen gero eta kide gehiago bide-bazterrean, nora ezean, utziko. Ez dakit zeintzuk diren egin beharreko kanbioak, aurreko plater handia txikitu ala atzeko pinoiak handitu, baina susmoa dut orain arteko martxan ezin izango diola tropelak luzaro jarraitu.
Hauteskundeak izaten dira balantza, buruzagiaren eta tropelaren arteko transmisioa neurtzeko; eta emaitzen irakurketak kontrajarriak direnean sortzen dira, Katalunyan esaterako, Tabarnia bezalako mugimenduak, Tarragona eta Bartzelona probintziak Kataluniatik ateratzeko mehatxua, alegia.
Ez da mehatxu berria. Ahaztu egin zaigun arren, Euskal Autonomia Erkidegoan ere antzerakoa sortu zen orain hogeitaka urte. Unidad Alavesa zeritzan eta, besteak beste, adierazi nahi zuen, Arabak ezin zuela Bizkaiak eta Gipuzkoak bezain azkar joan euskalgintzan edo abertzale-aldarritan eta, hartara, bazirela hainbat lagun (ehunetik 20 inguru) nahiago zutenak Araba Euskaditik atera eta bere kasa aritzea.
Unidad Alavesa pikutara joan zen, euskal bidearen hainbat aldapa eta bihurgune leundu ostean, eta Tabarniak ere ez du lar iraungo, Kataluniako taldeburuek tropelaren batasuna lehenesten duten neurrian.
Lasterketaren arriskua da, ordea, buruzagia gainerakoen indarrik ezaz ez konturatzea, eta, helmugara heldu aurretik, aurrekoen eta atzekoen arteko lotura, haustea. Eta, tropela hautsiez gero, auskalo liderrak garaikurrik sekula irabaziko ote duen, baina tropel handia ez da, inoiz, helmugara garaiz helduko.
EUSKADI IRRATIA. Albiste faktoria