Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Trafiko giroa

Trafiko giroa

Amatiño 2008/05/18 18:36
Boroako zentrala indarrean jarri ondoko egunetan Zornotzako ingurumena hobetu egin zen. Ez, jakina, zentralak giroa hobetu zuelako, oporrak zirela-eta bertako trafiko-isuria gutxitu zelako baino. Inork aitortu nahi ez arren, trafiko-giroa da euskal inguru-giroak duen arazorik larriena.

Zornotzan gertu zeuden kristoren abantailak erakarriko omen zituen Lopez Arriortuaren auto-fabrika onartzeko, baina mortalak eta bi astindu ziren gas-zentralaren kontra, zentrala auto-fabrika baino dezente garbiagoa izan arren.

Lemoizen ere, argindarra eragiteko gas-zentralen bat jarriko ote den aipatzen den bakoitzean sekulako protesta-trumoia sortzen da. Baina astebururo milaka familia autoz bertaratuko lituzkeen parke tematikoa proposatuz gero, ostera, inork ez du kontrakorik ezer esaten. Alderanziz, ze ondo, denok pozik. Ulertzekoa da jaiegunetan haurrei nonbait amain eman behar dieten gurasoek besterik gabe pozarren hartzea, baina nekez ulertu daiteke ingurumenaz arduratzen omen direnak isilik geratzea.

Kutsaduraz, Bizkaiko punturik beltzenak ez daude Ezkerraldeko industrietan edo portu inguruko energia-instalazioetan, Bilboko Indautxu plazan baino. Eta Bilboko airea garbitu nahi duenak ez dezala gero industriarik ixtea proposatu, trafikoa debekatzea baino.

Azken hamar urteotan euskal industriek aurrerakuntza nabarmena egin  dute energia-kontsumo eta isurietan. Ez super ekologistak direlako, dirua aurreztu nahi dutelako baino. Baina, arrazoi batez zein bestez, sekulako ahalegina egin dute. Bitartean,  etxebizitzetako kontsumoa apurtxo bat gehitu da eta trafikoarenak, berriz, izugarri gora egin.

Bai, jakina, samurragoa da edozein industria-egitasmoren kontra pankarta irekitzea, trafikoa gelditzea baino. Edo, beste modu batez esanda, euren burua ekologistatzat dutenek lantegirik ez izan arren, autorik behintzat badute. Baita trena gelditzeko pankartak autoz eroan ere.

Deia, 2008.05.19

   Energia Euskal Autonomia Erkidegoan

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: