Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Tout ira mieux… Jusqu'à Ispahan

Tout ira mieux… Jusqu'à Ispahan

Amatiño 2025/03/22 11:55
Nerabetako frantsesa berreskuratu nahirik astean birritan bildu ohi garenon jubilatu-taldean egokitu zait Almudena Grandesen “Tout ira mieux” (1) azken nobela irakurtzea. Ez zait batere zaila suertatu. Orain hurrengo tokatu zitzaidan Bernardo Atxagaren “Obabakoak” eta, aurretik euskaraz irakurria izan arren, askoz ere zailagoa iruditu zitzaidan (2).

Ez zait Almudena Grandesen azkena batere gustatu, agian gehiago itxaro nuelako. Distopia sinesgarria asmatzea, burutzea eta interesaraztea ez da segurutik batere erraza, baina auskalo merezi ote duen ezertan ahalegintzea, helduentzakotan hasi eta gaztetxoentzako moduko literaturan amaituko bada.

Behar bada ez da nobelarik aproposena Almudena Grandes zena estu hartzeko, jakina denez minbiziak jota hil baitzen azken atalen bat edo beste bukatu aurretik (3), baina istorioaren unerik gorenean ere indarge atzematen da, ideien printzak hitz-jarioaren itzalpean babestu edo ezkutatuko balira bezala.

Gizartearen kontrolaz jabetzen den ideologoaren eta bere aholkulari artezaren profilak ahulak dira oso, sistema guztiari eutsi beharrean diren polizia nazionalaren zein guardia zibilaren buruenak bezalaxe. Zer esanik ez, noizbaiteko askatasuna bideratzeari ekiten dioten taldekideak ere. Dena da gogotik naïf samarra, non eta eguneroko errealitate gezurtiaz jabetzeko ere gauza ez den gizarte kokilduan.

Ez zait batere serioa iruditzen txertoak iruzurra direnik sumaraztea edota, sasidiktadura ezartzeko pandemia asmakizun aproposa izan daitekeen leloa dantzan jartzea. Edozein modutan, fikzioaren hariak hala eskatuko balu ere, balirudike kontakizunak landuago eta jantziagoa izan beharko lukeela; alegia, ez duela balio harria bota eta auzia, huskeria gisa, nora ezean bere kasa uztea.

Dena gertatzen da, gainera, nonahiko Madril itsumandoan, ez iraganik, ez belaunaldi-memoriarik, ez munduan barrena ingurumari zabalagorik ez bide duen gizarte endogamiko eta klaustrofobikoan (4), non bestelako errealitaterik izan daitekeenaren zantzurik txikiena ere ez den gogoan hartzen.

Maldan gora kostata igo ondoren, istorioa amaitzen da arrapaladan, presaka eta harrapataka, hutsaletan eta gezatan. Heriotza lagun krudela izan daiteke, ez ustean beti ere zain baitago… nahiz Ispahanen izan (5).

---ooOoo---

1) "Todo va a mejorar".

2)  Orain "Les soldats de Salamine" (Javier Cercas, 2001) irakurtzeari ekin diogu. Ez nuen nik bere garaian gaztelaniaz irakurri, baina bai, ostera, David Truebaren filma ikusi.

3) Luis García Montero alargunak amaitua.

4) Bi-hiru lerro baino ez, nobelaren unibertso estua ulertzeko:: "Les gens devaient enfin pouvoir bavarder à coeur ouvert dans les pâtisseries, les magasins de vêtements, les stands du Rastro ou les boutiques de matériel informatique. Certains tracts que distribuait La Montagne depuis de semaines partout dans la ville..." 

5) "Le valet du riche marchand de Bagdad".  Obabakoak. Bernando Atxaga.

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2025/03/26 11:33
Ez dut Todo va a mejorar irakurri; eta Soldados de Salamina entzun egin nuen, Sergio Zamorak irakurrita.
 
Spoilerrik gabe: ederto adierazten du Cercasek aita hil berria duen narratzailearen harreman anbiguoa eta gazi-gozoa zaharrekin, adinagatik guraso izan ditzakeenak, batez ere Mirallesekin.

Bestalde, Soldados de Salaminari esker hobeto irudikatzen dut zer izan zen Falangea eta Falangearen bilakaera, Ridruejoren eta Sanchez Mazasen beraren dezepzioa frankismoarekin. Ezagutzen ez nituen datu batzuek harritu ninduten: Sanchez Mazas faszistak eta hemen ondo ezagutu dugun Jose Bergamin komunistak txaleta erosi zuten erdi bana Madrilgo Serrano kalean. Italiako faszismoa izan zuen Espainiako falangeak eredu, eta Mussoliniren lagun asko ibili ziren faszismoaren eta sozialismoaren arteko joan-etorrian. Mussolini bera iraultzaile sozialista izan zen gaztetan, klase-borrokan proletarioen alde egin behar dela aldarrikatzen zuen Avanti!-ko bere izkribuetan.
 
Azkenik, Soldados de Salaminako bigarren atalaren azken esaldiak dio badela Bilbon Sanchez Mazasen izena daraman kale bat, eta egia da Doña Casildako estrata batek Rafael Sanchez Mazas zuela izena, baina 2014an, Ibon Areso alkate, Soldados argitaratu eta 13 urtera, izen hori kendu egin zioten.
Amatiño
Amatiño dio:
2025/03/28 11:39
Bai. Rafael Sánchez Mazas Falange Espainiarraren buruzagietakoak kalea izan zuen Bilbon, falangista izateaz gainera erdi bilbotarra izan zelako-edo. Nahiz Madrilen jaio, 16 urte arte Bilbon bizi izan zen, eta eskolapioetan zein Urduñako jesuitetan egin zituen lehen ikasketak. Geroago, hogeitaka urterekin berriro itzuli zen Bilbora eta “El Pueblo Vasco” egunkarian eta “Hermes” aldizkarian idatzi zuen.

Frankismoarekiko dezepzioa garbia da, gobernu militarrak ez baitzuen Falangearen espektatibarik bete. Franco falangistez baliatu zen altxamendua bideratzeko, baina gero ahalik eta gutxien izan zituen kontuan.
 
Sánchez Mazas pasatu da literaturaren memoriara, 1939an. gerra amaitzear, Girona aldean fusilatu behar zuten une berean, ez ustean, hanka egin ahal izatea lortu zuelako eta basoan zehar desagertu.
 
1959an zera erantzun zuen egin zitzaion kazetari-elkarrizketan: “Sinesgaitza da zenbat ikasten den exekuzioaren segundo horietan”. Esaldi epikoa bezain poetikoa segurutik, baina ez dirudi ondoren asko ikasi zuenik.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: