Tourmalet, mito turistikoa
Tourmaleten ekialdeko urak Adur ibaira doaz, eta Bigorra eskualdean zehar Landetako hegoalderaino, Lapurdiko Gixunen, Agaramontarren Gaztelu inguruan, Euskal Herrian sartu eta Aturri izena bereganatu arte. Tourmaleteko mendebaldeko urak, ostera, Gavarnie, Lurda eta Paueko arrotik, Biarnon barrena, Peyrehoraderaino, Bidaxune muga-mugako herri xarnegua gainditu ostean Aturrirekin batera itsasoratzeko.
Tourmaleten adar nagusi bi horien artean biltzen dira Bigorrako zein Biarnoko edozenbat lurralde okzitaniar zabal, non tradizioz (3) jendea laboraria izan den gehienbat, XIX. mendean bainuetxeetako ur-termalak zein Lourdesko mirariak (4) erromes jantzitako lehen turismoa erakarri eta neguko elurrak mendiak zuritzeko baino gehiagorako balio zezakeela jabetu arte. Zer esanik ez, telebistak Tourraz baliatu eta Tourmalet gailurra mundura ialgi zuenetik aurrera (5). Andre Mariak gaskoiz baino ez zion arren hitz egin Maria-Bernarda Sobiros neskato artzainari, Tourmalet inguruko gizarteak munduko hizkuntza nagusiak ikasi behar izan ditu turismoaren eskariari aurre egiteko.
Beste Tourmalet bat
Errepide guztiak estaltzen dituen negu luzeaz eta uztailean (6) zehar txirrindularitza profesionalik onena munduratzen duen mendate erraldoiaz gainera, bada ekainetik irailera bitartean beste Tourmalet bat, han-hemenkako txirrinduzale arruntak gozamen-giroan bilarazten dituena: mendi-barrenetik (Luz Saint Sauveur) gailurrerainoko aldapak, aldatsak, malkarrak, pendizak edo direnak direlakoak, etenik gabeko 19 kilometroetan denetik dago-eta (7).
Nork daki zenbat ote diren udako edozein astegun buruzuritan maldan gora igotzeari ekiten dioten azal-kolore guztietako txirrindulariak. Egunero ehundaka (8), banan-banan, prozesio geldo samarrean, nor bere martxan, abiadan edo ahalean, zorrotxoa gerrian, motxila bizkarrean edo zakuto astun parea gurpil gainean jarrita. 40-50 urteko gizonezkoak batez ere, baita emakumezkoak ere, baina gazteagoak. Gehien-gehienak ohiko errepide-bizikletaz, nahiz tarteka-marteka mendikorik ere ikusi, bateriadunak batik bat. Orobat, noiz edo noiz, bi laguneko tandemak, harro asko.
Helburua ez da nor bizkorren edo lasterren helduko, heltzea baizik. Litekeena da noizik behin bat edo beste bide-bazterrean, ezinean, geratu behar izatea; halaber bizikleta eskutan hartu eta oinez jarraitzea, baina ez du nonbait inork goiari muzin egiterik edo maldan behera amore ematerik nahi.
Bidea polita da, ederra. Zuhaztiak lehenik, larreak gero, begirunea eskatzen duen mendi-hesi bortitza, azkenik. Gailurrean ezer gutxi dago. Mendate-gaineko "Zilarrezko erraldoia" (9) besterik ez. Hori bai, ingurubiran txirrindulari pila urbitsetan, bakoitza bere abenturatxoa elkarri pozarren kontatzen, eta nor-nori-nork argazkia aterako zain. Arazo zipitzik ez, ordea, txirrinduak lain baitira txirrindulariak, eta txirrindulariak beste argazki-kamerak.
Behean, helburua goraino heltzea omen zen… Seguru? Ez da, gero, goian argazkia ateratzea izango, ezta?(10).
---ooOoo---
1) Frantsesez, ordea, "itzultze txarreko"tzat jotzen dute.
3) Egun, Pauen zein Tarben, garrantzi handikoak dira aeronautika eta berrikuntza-industriak.
4) Aurreneko aldiz1858 urtean agertu omen zitzaion Ama Birgjina Maria-Bernarda Sobiros artzainari, Lurdako Massabieille leizean, eta, geroztik, Lourdes herrixkaren bizimodua erabat aldatu zen.
5) Tourrak 1910eko ekitaldian gailendu zuen aurrenengo bider Tourmalet mendatea.
6) Bi urtetik behin baino sarriago pasatu ohi da Tourra bertatik.
8) Interneteko artxiboetako zerrenda-zenbakien arabera, agentzia bakar batek hiru mila txirrindulari ingururi atera zien argazkia iazko udan.
9) Hiru metroko erraldoia (Le Géant) 1910 urtean lehen aldiz igo zuen Octave Lapize txirrindulariaren omenetan.
10 )Bidean zehar ere badira, aurretik igaro ahala, inork eskatu gabeko argazkiak ateratzen dituzten agentziak, gero internetez salgai jartzen dituztenak.