Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Topikoak tokikoak dira

Topikoak tokikoak dira

Amatiño 2009/08/07 22:20
Gastronomia-turismoa topikoetakoa da gurean baina, topikoak, hitzak berak dioenez, tokikoak dira. Maria Cristina hotelaren harrera-lekuan gonbidatu kanpotarrei errejistroa egin dezaten laguntzen ari natzaiela jabetu naiz zenbat jende etortzen den gero gurera jangurak ekarria. Ez, ez dira esne-berbak. Benetako egia da nonbait.

Aurrenik geneukan emakume espainiar lerden eta dotoreak jatetxerik onenei buruzko aholkua eskatu dio harrera-gizonezkoari eta honek guztion gogotan daudekeen laupabost aipatu ez ezik, baita bata bestearen ondoren Donostiako mapan marratxoaz adierazi ere.

Ezkerretik eskuinera, ezezaguna, Idiakez (Txominen semea), Arzak, Subijana, Bocouse (?), Castillo (semea) eta Argiñano, 1978an.

Ondoren zegoen bikoteak ingelesez eskertu dio bart egindako iradokizuna --Arzak, itxura guztien arabera-- eta maila bereko besteren bat non ote galdetu, abegi oneko tirabira irripartsuan.

Nerekin zeudenei txanda heldu zaienean ez du horratik harreragileak gaiz aldatu. Besterik ez balego bezala, pintxoen ohituraz mintzatu zaie maisuki, igogailuan eguraldiaz hitzegin ohi duenaren errutina berberaz, txukun, otsein eta xarmant asko. 

Ez dakit nik jendeak benetan ondo jaterik lortzen ote duen ala ez azkenean baina, zalantzarik ez gero, inor ez dela ausartzen kontrakorik esaten, horrelakorik gertatuez gero ez bailitzateke inondik ere jatetxearen erruz edo akatsez izango, norberaren ezjakintasunaz baino.

Aurreko hilean Sevillatik deitu zidaten jazzaldia dela-eta sarreraren batzuk eskuratuko ote nizkiekeen. Baita saio-orduak nabarmen zehaztu ere, jatetxe-erreserba aurretik ala ostetik egin behar ote zuten denboraz jakiteko.

Eta beste horrenbeste Saltzburgon, non Donostiako Musika Hamabostaldirako bidaia-poltsak saltzen diren, joan-etorria, ostatua, kontzerturako sarrerak eta jatetxe enblematikoren bateango afaria tarteko.

Xabier Elorriaga, 1983

1983ko Ostegun Santuan Martin Ibarbia eta biok Xabier Elorriagarekin bildu ginen Eibarko Udalak propio utzi zigun gelan Euskal Telebistaren fikzio-programazioa nondik nora abiarazi aztertu gurarik. Eguerdian Artolanera eraman nituen bazkaltzera, baita sekulako erreboilo mundiala jan ere. Postretan, Bartzelonatik zehar euskalerriratu berria zen Xabier txiletarrak  esan zigun: Izugarri ondo bazkaldu dugu baina ez nuen besterik itxaro, betidanik entzun izan baitut etxean Euskadin ondo jaten dela. Halere, ez nuen inondik ere uste hiru gizonek otordu guztian iraun lezaketenik jan-edanez, errezetez eta sukalde-kontuez hitzegiten. Hau, nik dakidanez, ez da beste inon gertatzen.

Gastronomia estimu handitan izatea topikoetakoa da gurean baina, topikoak, hitzak berak dioenez, tokikoak dira.

Xabier Elorriaga. La conquista de Albania, 1983

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: