Topea jota
Berakatz-zopia eitteko arratsalde-erdixan pistolia (1) erostera kalera urten eta, kantoian, aspaldiko laguna:
Ze joiak?
Hamentxe, eguna luzatu nahixan, afaltzera juan aurretik…
Zer moduz habil?
Ibili? Ibili… ondo. Besterik ez juat eitten-eta. Gaur be Mutrikuraiño juan nok.
Mutrikuraiño juan haizela? Oiñez?
Birrittan.
Zelan birrittan?
Ba goizian, behin, eta bazkalostian beste behin.
Ño… ondo eztok? Hik honezkero izango dittuk…
Larogeita zazpi.
Asko dittuk… nik ixa larogei jaukadaz eta… zeozer jakixat.
Larogei be asko dittuk, baiña larogeita zazpi gehixago, Pakomiok (2) errazoia...
Pakomio? Pakomio ni ezkondu aurretik hil zuan barren!
Hik jakingo dok... Zer esango deuat ba nik... Baiña bizi zala sarrittan aittatzen juan: "oiñ edozein umemokok (3) jaukaz hirurogei urte", eta denporiak errazoia emon jetsak.
Hik ez dok gero emoten atxakixa askotarako haguanik...
Ez, baiña azken boladan topia jota najabik.
Topia jota? Ze tope?
Ba... Perurena moduan…
Perurena? Zeiñ Perurena?
Zeiñ izango dok ba, harrijasotzaillia!
Baiña... Perurena hi baiño zatixa be gaztiagoa dok. Esango najeukek, barrena, hamabost urte inguru-edo... Lagun xamarra juat, baiña ez najekixan makal hebillenik.
Bihar bada makal ez, baiña topia jota, bai. Harek be 320 kiloko harrixa jaso juan, baiña kilo bat gehixago jarri jetsenian... ezin. Topia jota.
Horraittiok… filosofo galanta einda hago…
Honek ez jaukak zer ikusirik filosofiaz, fisika hutsa baiño eztok.
Beinke… eutsi goixari. Egongo gaittuk!
Nahi badok bixar Mutrikura etorri...
Goizetik ala arratsaldetik?
Tira, ez eidak adarrik jo!
---oo0oo---
1) Gehixenbat zopak (zopaundixa, berakatz-zopia, arrain-zopia...) egitteko erabiltzen dan ogixa. Luzekiñ eta gogorra, nahiko erria (Eibarko Hiztegia).
2) Pakomio Agirre. Gerra aurreko Zirkulo Katolikokoa. Estaziño kalean bizi izan zen. 1960ko hamarkadan hil zen laurogeitaka urte zituela. Eibartar peto-petoa. Nik ez dut gogoan aurpegiz ezagutu nuenik, baina gure aita zenaren belaunaldiak takian-potian aipatu izaten zuen.
3) Eibarko Hiztegiak ´Txantoia` zenaren ahotan jartzen du esakera beretsua: "Gaurko egunian, erozein kaka-umek jaukaz hirurogei urte". `Txantoia`, Jose Cruz Etxeberria (1833-1909) zen. Petra Orbea-Urkizurekin ezkondu eta sei seme-alaba izan zituzten: Bonifazio, Juana, Polonia, Maria, Marzela eta Julian. Bonifazio (1859-1951) STAR pistola-lantegiaren sortzailea; Polonia (1865-1947), Eibarko neskentzako lehenengo eskolako maistra; eta Julian (1875-1948), Armeria Eskolaren sortzaile eta zuzendaria. Poloniak eta Julianek kale bana dute herrian.