Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Tinajera vacuando carpeta

Tinajera vacuando carpeta

Amatiño 2010/01/10 23:11
“Globalizazioa” eta “jasangarria”, hona hitz bi hegoaldean gero eta sarriago entzun arren iparraldeko euskaldunek nekez erabiliko dituztenak. Segurutik guk ere ez genuke erabiliko frantsesak bagina. Baina, frantsesak ez garena badakigun arren, zer arraio ote garen ez gara gero igande iluntzean eztabaidatzen hasiko.

Ingelesez, globalization (edo globalisation) eta sustainable; espaineraz, berriz, globalización eta sostenible; eta euskaraz, ildo beretik, hegoaldean behintzat, globalizazioa eta jasangarria. Kontua da, ordea, frantsesez mondialisation eta durable direla eta, beraz, iparraldeko ikuspegitik bederen, askoz ere zuzenago eta ulergarriago direla mundializazioa eta iraunkorra.

Ez dakit nork nori eman beharko ote dion amore baina gutxienez onartu beharko dugu nazioarteko hitz berriren bat azaltzen zaigun bakoitzean ezin izango diogula, mugaz honaindi zein haraindi, erantzun ezberdin bi eskaini.

Premiabako atzizki zatarrak

Eta globalizazioa nahiz mundializazioa erabili, onartu ere beharko horrelako atzizkiak erabat arrotz bezain zatarrak diratekeela eta, norbaitek besterik esaten ez didan bitartean, euskararen tradizio zaharrean hedaturik ez daudenak, Etxeparek berak ere adibideren bat edo beste dakarren arren, sanctificatu kasu.

Ez dut esango salbuespenik aitortzerik ez dagoenik, baina, esaterako, Elhuyar hiztegian normaltasun osoz azaltzen diren justifikatu, planifikatu, formalizatu, normalizatu, teknifikatu, sozializatu, estandarizatu, pertsonalizatu, mitifikatu etab. gehiegikeria eta alferkeria ikaragarria iruditzen zaizkit.

Ez nuke nik ezein garbizalekeriatan erori nahi baina benetan uste dut arrunt asko normaldu eta formaldu esateko gauza baldin bagara, nekez egongo dela euskaldunik sozialdu, teknikatu, estandartu, pertsonaldu, mitotu, globaldu edo santutu esanez gero ulertuko ez duenik.

Baina hau, segurutik, eztabaida zaharra da, Ibon Sarasolak ia 30 urte Tinajera muerta vacuando la carpeta artikulua idatzi baino lehenagokoa bai behintzat.

 rihanna-aspiradora

Tinajera vacuando carpeta

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: