Thomas Ospital, organo-maisurik gazteena
Organoa nolabaiteko berpizkundea ezagutzen ari da Euskal Herrian oro har eta Gipuzkoan bereziki. XVI. menderako ganorazko hamalauren bat organo barroko zeuden lurralde honetan eta orain, berriz, denetariko 150 inguru omen guztira, Europako organo erromantiko ondarerik baliotsuena tarteko.
Gaur egun, organoa Donostiako Musika Hamabostaldiaren programa barruan dago, organo-katedra du Musika Kontserbatorioak eta organo zaharrak eraberritu (Usurbil) ez ezik, berri-berriak ere egiten dira, Debakoa (2009) kasu, lekuan lekuko hiritarren diru-laguntza eta guzti.
Giro honetan ez da gero harritzekoa atzo Debako eliza betetzea organo-saioa entzuteko. Bach, Schumann, Vivaldi eta beste, Thomas Ospital (Aiherra, 1990) organo-jotzaile gaztearen eskutik eta Laurent Dupéré tronpetariaren laguntzaz.
Umetan Aiherrako parrokiaren abesbatzan kantatzen hasi eta, Thomas Ospital mutikoak hamar urte baino ez zituen organo jotzeari ekin zionean, amona zuelarik bertako organo-jotzaile. Nonbait, egunen batean “amatxik” joaterik ez eta, hamaika urteko mutikoak egin behar izan zituen ordezkoarenak. Ondotik etorri ziren egin beharreko ikasketak, Baionako zein Parisko kontserbatorioetan, eta gero gerokoak.
Esteban Elizondo organo-katedradunak esan bezala “organoa ez da erretaula, musika-makina da, bizirik dagoen tresna”. Baina, hori bai, musika-tresna handi-mandia eta, behar bada, ordu erditik aurrera, astun samarra. Baina, tira… ene iritzi soila besterik ez da.
Debako Santa Maria eliza jendez gainezka
Laurent Dupéré, tronpetaria