Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Thelma eta Louise bikotearen aukera

Thelma eta Louise bikotearen aukera

Amatiño 2017/10/03 17:20
Nik neuk, bide-aukeran, ez nuke nire Herriarentzat Kataluniarenarik nahi baina, behar bada, igandean botoa eman nahi izan zuten katalanei ez zaie beste aukerarik geratu.

Aurreko larunbatean, Donostiako Zinemaldiaren inguruan, bere burua abertzaletzat duen zine-ekoizle katalanari, Kataluniaz galdetu-eta, zera erantzun zidan: “Gero eta susmo larriagoa dut, ez ote goazen denok Thelma eta Louisen autoan, arrapaladan ihesi, noiz malkarrean barrena amilduko”.

Zinezaleek badakite, emakumeek gehienbat, “Thelma eta Louise” filma dena zine feministaren mito edo ikonoetakoa, non bi emakumek, zer gerta ere, beti aurrera jarraitzen duten, atzean geratzen ari zaien gizarteak merezi ez-eta, zer galdu gutxi dutelakoan. Matxismoak, sexu-erasoak, umiliazioak, maltzurkeriak, errespeturik ezak eta legezko ordenaren hipokresiak bultzatzen ditu emakume biak, Thelma eta Louise, beste egoera normal batean sekula hartuko ez luketen erabakia hartzera.

Batere zalantzarik gabe, azken hamar urteotan Katalunian gertatutakoa ez da, inondik ere, fikzioa, baina thriller politiko bat egiteko besteko materiala eskaintzen du, Donostiako Zinemaldiaren “Urrezko Maskorra” irabazteko lain.

Izan ere, zelan izan daiteke 2006an --Convergència, Ezkerra, Alderdi Sozialista eta Iniciativa per Catalunya-Verdeen adostasunaz-- Kataluniako Parlamentuaren hamarretik bederatzik onartutako Estatutua Alderdi Popularrak auzitan jartzea eta, Konstituzio Epaitegiaren aitzakiaz eta laguntzaz, berrehundaka atal lotsagabe aldatzeaz gainera, hurrengo hamar urtean batere alternatibarik ez proposatzea eta, azkenik, aurreko igandean, Goardia Zibila eta Polizia Nazionala, hautetsontzien aurrean, egurra ematera eta umiliatzera bidaltzea?

Igandeko irudi bortitz eta oldarkorra, Alderdi Popularraren hamar urte luzeko hankasartze-sortaren eta asmatu ezinaren (edo nahi ezaren) ezaugarria besterik ez da. Eta, aldi berean, Kataluniako biztanlegoaren kemen eta pazientzia aktiboaren adierazgarria.

Igandeko erreferenduma, edo sasi-erreferenduma, ez da segurutik legezkoa eta ez du nazioarteko baldintzek eskatzen duten besteko bermerik, baina ezin izango dio, behintzat, inork indar sinbolikorik eta politikorik ukatu.

Beste kontu bat da, sinbologia hori nahikoa izango ote den amildegia zeharkatzeko. Hau da, Kataluniako gizarte erdiaren indar politikoa aski ote den beste erdia motxilan sartu eta bizkar gainean eramateko, onenean ere luzea bezain astuna izango den basamortua gurutzatzeko orduan.

Egia esan, nik neuk, aukeran, ez nuke nire Herriarentzat horrelakorik nahi baina, behar bada, igandean bozkatu nahi izan zuten katalanei ez zaie beste aukerarik geratu.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: